pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Otsailak 4, Santa Ageda bezpera
03
Ots
2021

Otsailak 4, Santa Ageda bezpera

Santikutz Abesbatza izan dugu urtero ohitura honi eutsi dion taldea, tarteka besteren batzuk ere batu izan zaizkion arren. Aurtengoan ordea, bizi dugun egoera dela eta ezarritako mugak tarteko, ezin izango du ohitura errepikatu.

Hala ere, ez dugu eguna besterik gabe pasatzerik nahi, eta hemen duzue ospakizunaren nondik norakoa eta egun horretan kantatzen diren kopla eta kanten artean, aldaerak aldaera, beti mantentzen direnen hitzak.

 

Santa Ageda bezpera, Euskal Herriko zenbait tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5ean eta bezperan ospatzen dena, egun horretan Eliza Katolikoaren santutegiko santu haren omenezko eguna da. Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperako egunean herrietan kopla zaharrak kantatzea makilekin lurra joaz erritmoa markatzeko, diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun.

 

Agata Cantanian, Sizilian, jaio zen 235. urtean. Tradizioak dionenez, Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu arteko onik ez omen zuen, baina Agatak nahi ez eta mendeku gisa kartzelatu zuen. Bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu izan zituen. Handik gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

 

Hala ere, badirudi ospakizunak bere sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzkala. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute Inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin. Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduantxe izaten da zuhaitz adarrak kimatu edo inausteko garaia. Hala, naturaren esnatzea ospakizun bihurturik, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxerik etxe janari eske, eta ondoren, bildutakoarekin, mutil eta neska denek batera afaltzen zuten.

 

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Santa Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak, aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agataren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien nahasketatik dator egungo ospakizuna.

 

Hauek dira koplaren hitz hedatuenak:

 

Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

 

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

Albiste guztiak