Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Korosti Trail mendi lasterketaren hirugarren edizioak 446 korrikalari bilduko ditu urriaren 18an

2026/10/07
Legazpiko Korosti Trail mendi lasterketaren hirugarren edizioak 446 korrikalari bilduko ditu urriaren 18an

Urriaren 18an egingo da hirugarren Korosti Trail mendi lasterketa eta dagoeneko izen-emate guztiak agortu dira. Eric Galvez Legazpiko alkateak, Josu Galilea Kirol zinegotziak eta Mikel Salegi zein Andoni Etxaleku antolatzaileek atzo eskainitako prentsaurrekoan azaldu zituzten edizio honetako xehetasun eta berrikuntza nagusiak. Alkateak azpimarratu duenez, "hirugarren edizio honetan legazpiarron lasterketa bat bihurtu dela esan dezakegu eta propio sentitzen dugula". Eskerrak eman dizkie antolatzaileei Legazpi mendi lasterketen mapan jartzeagatik,  Udalaren babes osoa berretsiz.

Antolatzaileen izenean, Andoni Etxalekuk eskerrak eman dizkio Udalari eta lehen urtetik lagundu duten herriko denda txiki eta zerbitzuei. Azaldu duenez, aurtengo lasterketa urriaren 18an egingo da; ibilbideak eta distantziak iazko berak izango dira, baina ordutegian aldaketa txiki bat egon da: proba luzea (23,4 km) goizeko 9:30ean abiatuko da eta proba motza (13,4 km), berriz, 10:15ean.

Guztira 446 partaide egongo dira: horietatik 125 emakumezkoak dira eta gainerakoak gizonezkoak. Datu esanguratsuena herriko parte-hartzea da, 189 legazpiarrek izena eman baitute. "Profil oso desberdineko jendea ikusten da zerrendetan eta oso pozik gaude", gaineratu du Etxalekuk. Horrekin batera, Mikel Salegik nabarmendu du 80-90 boluntario inguru arituko direla egunean bertan laguntzen.

Bestalde, edizio honek konpromiso sozial eta ekologiko sendoa izango du:

  • Jasangarritasuna: Etiketa Berdea erakundearekin elkarlanean arituko dira lasterketa ingurumenarekiko errespetuzkoa izateko.
  • Elkartasuna: Goierriko Ligako lasterketa izanda, izen-emate bakoitzeko euro bat Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari bideratuko zaio.

Korosti Trail Txiki berrikuntza nagusia

Lasterketaz gain, herrian festa giroa zabaltzea da antolatzaileen helburu nagusietako bat. Horretarako, puzgarriak, talogileak eta herriko merkatariekin batera egindako zozketa bat egongo dira.

Aurtengo berrikuntza nagusia Korosti Trail Txiki izango da, bezperan (urriaren 17an) egingo dena 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat, distantziak adinaren arabera egokituko direlarik. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera Euskal Herria plazan ospatuko da, eta izen-ematea bertan egin ahal izango da.

Antolatzaileek herritar orori luzatu nahi diete deialdia, Korosti Trail lasterketak ekarriko duen mendi eta festa giroaz gozatzeko.