Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Inaziotar Bidearen lehen argazki lehiaketa: 2.500 euro sarietan eta izena ematea zabalik

2026/11/03
Inaziotar Bidearen lehen argazki lehiaketa: 2.500 euro sarietan eta izena ematea zabalik

Inaziotar Bideak bere lehen argazki lehiaketa jarri du martxan, eta Legazpik, ibilbide hau igarotzen den herria izanik, legazpiarrak eta bisitariak parte hartzera gonbidatzen ditu. Proposamena erraza da: hartu kamera edo mugikorra eta irudikatu bide hau berezi egiten duena. Paisaiak eta ondarea, gastronomia eta kultura, eta batez ere bideari bizia ematen dioten pertsonak.

Gure mendiak, gure txokoak eta burdinari lotutako lur honen memoria inspirazio iturri ona izan daitezke. Epaimahaiak argazkien kalitatea baloratuko du. Era berean, argazkiek istorio bat kontatzeko eta bidea egitean sentitzen dena transmititzeko duten gaitasuna ere kontuan hartuko du.

Hiru kategoria eta 2.500 euro sarietan

Sariek guztira 2.500 euro egiten dute, eta hiru kategoriatan banatuko dira. Horietako bat Manresarantz doazen erromesen esperientzia pertsonalari eskainia dago: ahalegina, topaketak eta etapa bakoitzak uzten dituen uneak. Parte hartzeko:

  • Epea: 2027ko ekainaren 30era arte.
  • Lekua: argazkiek originalak izan behar dute, eta Inaziotar Bideko 92 udalerrietako batean ateratakoak.
  • Benetako argazkigintza: ez da onartuko adimen artifizialarekin sortutako edo aldatutako irudirik.

Oinarri osoak eta izena emateko inprimakia Inaziotar Bidearen webgune ofizialean daude: https://caminoignacianoturismo.com/eu/lehiaketa/

Animatu eta erakutsi Inaziotar Bidea zure begiradatik!