Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Irati Olaizola Goñik hirugarren postua lortu du Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketan

2026/11/24
Irati Olaizola Goñik hirugarren postua lortu du Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketan

Azaroaren 22an, igandearekin, Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa Nagusia (Gipuzkoar Erara) jokatu zen Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeko ordezkariek maila bikaina erakutsi zuten. Eguerdiko 12:00etan hasi eta bi ordu iraun zituen saioan, 15 urtetik gorako 14 dantzari lehiatu ziren, tartean bost legazpiar: Amaia Azpeitia Osinalde, Eider Carballo Zabalo, Irati Olaizola Goñi, Jon Alberdi Garde eta Naroa Sánchez Rodríguez.

Sustraiak Dantza Taldeko bost dantzariek lan bikaina egin zuten oholtza gainean. Bereziki aipagarria izan zen Irati Olaizola Goñiren jarduna, hirugarren postua eskuratuta podiumera igotzea lortu baitzuen. Era berean, Amaia Azpeitia Osinaldek ere finaleko azken txanpara sailkatzea lortu zuen, bosgarren postu meritu handikoa eskuratuz.

Txapelketako sei sailkatu onenak ondorengoak izan ziren:

  1. Mattin Etxebeste Sanzberro (Oiartzun)
  2. Mikel Esnaola Lopez (Lezo)
  3. Irati Olaizola Goñi (Legazpi)
  4. Ihintza Erauskin Lizarazu (Lezo)
  5. Amaia Azpeitia Osinalde (Legazpi)
  6. Mairi Maya Castaño (Errenteria)

Legazpiko Udalak zorionik beroenak eman nahi dizkie Irati Olaizola Goñiri lortutako hirugarren postuagatik, eta baita Sustraiak Dantza Taldeko gainerako kideei —Amaia, Eider, Jon eta Naroari— eta taldeari berari egindako lan bikainagatik eta herriaren izena hain goian uzteagatik.