Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Sustraiak Dantza Taldeko bost dantzari arituko dira Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketan

2026/11/18
Sustraiak Dantza Taldeko bost dantzari arituko dira Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketan

Datorren azaroaren 22an, igandearekin, Euskal Herriko VIII. Aurresku Txapelketa (Gipuzkoar Erara) jokatuko da Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eguerdiko 12:00etan hasita. Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako hitzordu honetan ordezkaritza nabarmena izango du Legazpik, izan ere, lehian arituko diren 14 dantzarietatik bost herriko Sustraiak Dantza Taldeko kideak dira.

15 urtetik gorako dantzariei zuzendutako lehiaketa honetan, parte-hartzaileek aukeratutako Soinu Zahar bat eta Desafioa (edo Aurkez aurke) dantzatu beharko dituzte lehen fasean. Epaimahaiaren puntuazioen arabera ondoen sailkatzen diren sei dantzariek, berriz, Zortzikoa dantzatzeko aukera izango dute txapela eskuratzeko azken txanpan.

Legazpiarrekin batera, Gipuzkoako beste hainbat herritako bederatzi dantzari igoko dira Hondarribiko oholtzara, eta hauxe izango da parte-hartzaileen ordena eta zerrenda osoa:

  1. Garazi Oyarzabal Irazu (Zizurkil)
  2. Mikel Esnaola Lopez (Lezo)
  3. Clara Larrañaga Letamendia (Villabona)
  4. Irati Olaizola Goñi (Legazpi)
  5. Izadi Urbano Gorosabel (Villabona)
  6. Naroa Sánchez Rodríguez (Legazpi)
  7. Amaia Azpeitia Osinalde (Legazpi)
  8. Mattin Etxebeste Sanzberro (Oiartzun)
  9. Danel Castillo Arbona (Pasai Donibane)
  10. Jon Alberdi Garde (Legazpi)
  11. Mairi Maya Castaño (Errenteria)
  12. Eider Carballo Zabalo (Legazpi)
  13. Ihintza Erauskin Lizarazu (Lezo)
  14. Amaiur Tejeria Larrarte (Zizurkil)

Legazpiko Udalak zorterik onena opa die Sustraiak Dantza Taldeko bost ordezkariei igandeko hitzordu garrantzitsuan.