
Urriaren 24an Euskal Jolasen Festaren edizio berri bat egingo da Sorgintxulorekin
Datorren urriaren 24an, larunbata, Euskal Jolasen Festaren beste edizio bat egingo da. Ekintza HHko 3. mailatik LHko 4. mailara bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta dago. Sorgintxulo aisialdi taldeak dinamizatuko du jarduera, eta 17:00etan hasiko da, Euskal Herria plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Azokan egingo da.
Ekimenak familian elkarrekin jolasteko, euskal jolasak eta abestiak ikasteko eta euskaraz aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Ordubete pasatxo iraungo duen jardueran, parte-hartzaileek hainbat jolas eta abesti ezagutuko dituzte, eta ondoren familian eta lagunekin gozatzen jarraitu ahal izango dute.
Parte hartuko duten haurrek pertsona heldu arduradun batekin joan beharko dute, ezin izango baitute bakarrik parte hartu. Haurrak familiako edozein kidek, zaintzaileek edo beste edozein pertsona helduk lagundu ahal izango dituzte.
Euskal Jolasen Festa Hezkuntza Zerbitzuak antolatzen du eta Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da. Programa Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek sustatzen dute.
Izen-ematea online
Parte hartu ahal izateko, familia bakoitzeko izen-emate bakarra egin beharko da. Haurrek ezin izango dute banaka izena eman, eta pertsona helduek haiekin batera parte hartu beharko dute.
Izen-emateko epea urriaren 22an, osteguna, 14:00etan amaituko da, eta izen-ematea online egin ahal izango da ondoko formularioaren bidez: https://www.legazpi.eus/galdetegiak/euskal-jolasen-festa
Familian gozatzeko, euskaraz jolasteko eta jolas berriak ezagutzeko aukera paregabea. Animatu parte hartzera!