Aktibatu Legazpik 100 herritar baino gehiago artatu ditu eta Udalak oso balorazio positiboa egin du

Legazpiko Udalak balorazio oso positiboa egin du Aktibatu Legazpi Orientazio Zerbitzuaren ibilbideaz. Martxan jarri zenetik, 100 herritar baino gehiago artatu dira zerbitzuaren bidez, eta jasotako erantzuna bikaina izan da, bai erabiltzaileen aldetik, baita udaleko eta herriko eragileen ikuspegitik ere.
Deribazioen jatorri nagusia Osasun Etxea izan da, eta bertatik bideratu da herritar gehienak orientaziora. Hala ere, orientatzaileak berak ere lotura estua du herriko sarearekin, eta herritarrak hainbat talde eta eragileren programetara bideratu ditu, bakoitzaren beharrizanen arabera.
Azpimarratzekoa da azken hilabeteetan sortu den KOI (Koordinazioa, Oreka eta Indarra) saioa, ostegun goizetan kiroldegian egiten den jarduera fisikoa. Orientatzaileak, beharrezkotzat jotzen duenean, herritarrak saio horretara bideratzen ditu. Momentu honetan 16 lagunek parte hartzen dute, eta guztiek azpimarratu dute onurak nabariak direla: egunerokotasuneko jardueretan indar handiagoa dutela, mugikortasuna arinagoa dela eta ongizate handiagoa sumatzen dutela.
Aurrera begira, zerbitzuak beste proiektu batzuk ere garatzen jarraituko du herriko eragileekin elkarlanean. Garaguneko erabiltzaileei zuzendutako ekimenak, pertsona nagusientzako programak, emakumeei bideratutako jarduerak edo hezkuntza alorreko lankidetzak dira jada abian diren edo laster martxan jarriko diren ekimenetako batzuk.
Kirol zinegotzi Josu Galileak nabarmendu du Udalak egindako apustua “erabat egokia eta beharrezkoa” izan dela: “Aktibatu Legazpi martxan jarri genuenean argi geneukan herritarren osasuna eta ongizatea lehenetsi nahi genituela, eta gaur ikus dezakegu zerbitzuak benetako eragina duela pertsonen egunerokoan. Onurak nabarmenak dira, eta jasotako harrera ikusita, argi dugu Legazpin zerbitzu hau sendotzen eta indartzen jarraituko dugula.”
“AktiBATU” orientazio zerbitzuakbizitza aktiboago baterako urratsa emateko helburua du. Informazio gehiago jasotzeko edota zerbitzua erabiltzen hasteko kontaktua ondorengoa da: 747 496 604 edo