AROA Euskara Planaren aurkezpena: urtarrilaren 15ean Kultur Etxean
Legazpiko Udalak jakinarazten du urtarrilaren 15ean, osteguna, 18:00etan, Kultur Etxean, AROA Euskara Planaren aurkezpen publikoa egingo dela, herritar guztiei irekia.
Abenduan, Udalak AROA Plana – Legazpin euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko 2026–2036 marko estrategikoa onartu zuen. Plan honek datozen hamar urteetarako euskararen biziberritzea eta herritarren ahalduntzea helburu dituen bide-orria ezartzen du, hizkuntza-bizikidetza bidezko eta inklusiboa oinarri hartuta.
AROA plana prozesu parte-hartzaile baten emaitza da, herritarren eta tokiko eragileen ekarpenekin osatua. Legazpiko euskararen egoeraren diagnostikotik abiatuta, helburu eta lan-ildo zehatzak jasotzen ditu, besteak beste:
· euskararen gobernantza eta udal-politiketan txertatzea indartzea,
· euskararen aldeko jarrerak eta motibazioa sustatzea,
· erabilera-aukerak eta ikaskuntza bultzatzea eguneroko bizitzan,
· eta euskararen presentzia sendotzea kultura-, kirol- eta eremu digitalean.
Urtarrilaren 15eko aurkezpenean, planaren eduki nagusiak, erronkak eta aurreikusitako neurriak azalduko dira, eta bertaratutakoek galderak egiteko zein ekarpenak partekatzeko aukera izango dute.
Ekitaldia irekia da, eta Legazpiko Udalak herritar guztiak, elkarteak eta tokiko eragileak gonbidatzen ditu parte hartzera, euskarak herriko eguneroko bizitzan leku bizia izan dezan.
Animatu eta parte-hartu!