Legazpik AKTIBatu indartuko du ekipamendu kliniko berriekin, adinekoen indarra eta mugikortasuna hobetzeko

Legazpiko Udalak jarduera fisikoaren eta zahartze osasungarriaren aldeko apustua indartzen jarraitzen du, AKTIBatu Legazpi Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuan DAVID etxeko hiru ekipamendu kliniko berri jarriz. Makina berriak abenduaren 1etik aurrera egongo dira erabilgarri, eta ariketa pertsonalizatuak egiteko, parte-hartzaileen indarra eta mugikortasuna baloratzeko eta haien bilakaeraren jarraipena egiteko aukera emango dute.
Ekipamendu horiek Adinberri Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker jarriko dira martxan. Adinberri Gipuzkoako fundazioa da, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzen dituena, eta makinak bi urtez utziko dizkio Legazpiko Udalari.
Pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako ariketak
DAVID Health Solutions Finlandiako enpresak garatutako ekipamendu berriak eremu klinikoan indarra eta mugikortasuna lantzeko diseinatuta daude. Gimnasioetako ohiko makinek ez bezala, pertsona bakoitzaren gaitasunak baloratzeko, ariketak haren beharretara egokitzeko eta programan zehar egindako aurrerapenak neurtzeko aukera ematen dute.
EVE plataformaren bidez, erabiltzaileek ariketaren hainbat parametro ikusi ahal izango dituzte pantailan, hala nola erresistentzia, mugimenduaren anplitudea eta ariketa egiteko abiadura. Informazio horri esker, langile teknikoek entrenamenduak pertsona bakoitzaren beharretara egokitu ahal izango dituzte.
Hiru ekipamenduak lehen solairuan egongo dira, lehen bilera-gela zen espazioan, kirol teknikariaren bulegoaren ondoan.
Hasierako balorazioa, 16 saio eta emaitzen jarraipena izango dituen programa
Programa abenduaren 1ean hasiko da eta hiru fase izango ditu. Lehenik eta behin, AKTIBatu Legazpiko langileek parte-hartzaile bakoitzaren indarraren eta mugikortasunaren hasierako balorazioa egingo dute, haren gaitasunetara egokitutako ariketa-plana prestatzeko.
Ondoren, pertsona bakoitzak 16 entrenamendu-saio pertsonalizatu egingo ditu, bere erritmora eta beharretara egokituta. Programa amaitzean, hasierako balorazioa errepikatuko da, emaitzak alderatzeko eta parte-hartzailearen bilakaera ezagutzeko.
Lehen fasean, AKTIBatu Legazpiko KOI taldeko kideek izango dute programan parte hartzeko aukera. Gaur egun, talde horretako pertsonek koordinazioa, oreka eta indarra lantzen dituzte saio espezifikoen bidez. Aurrerago, programa parte hartu nahi duten beste pertsona batzuentzat ere irekiko da, eta, hasiera batean, Legazpiko 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta egongo da.
Udalak AKTIBatu Legazpiren arreta-orduak handituko ditu
Ekipamendu berriak jartzearekin batera, Legazpiko Udalak nabarmen handituko ditu AKTIBatu Legazpi zerbitzuari eskainitako orduak. Zerbitzuak harrera ona izan du herritarren artean.
Ordu gehiago eskaintzeak pertsona gehiagori arreta emateko, jarraipen pertsonalizatuagoa eskaintzeko eta zerbitzuan txertatutako baliabide berriak hobeto aprobetxatzeko aukera emango du.
Hobekuntza horiekin, Udalak AKTIBatu Legazpi udal-zerbitzua sendotzen jarraitzen du, jarduera fisikoa sustatzeko, gaitasun fisikoen galera prebenitzeko eta zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko baliabide gisa.
Informazio gehiago nahi duten pertsonek Legazpiko Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzura jo dezakete zuzenean, 747 496 604 telefono-zenbakira deitu edo