Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Bi KDA berri jarri ditugu, herritarren eskura 24 orduz

2026/06/04
Bi KDA berri jarri ditugu, herritarren eskura 24 orduz

Legazpiko Udalak bi kanpoko desfibriladore automatiko (KDA) berri instalatu ditu herrian, herritarren segurtasuna indartzeko eta bihotz-biriketako larrialdien aurrean erantzun azkarra emateko. Gailu berriak eguneko 24 orduetan daude erabilgarri.

Udalak osasun-segurtasunaren aldeko apustua sendotu du, eta bi puntu estrategikotan kokatu ditu desfibriladore berriak, herritarrek une oro eskura izan ditzaten:

  • Laubideko oinezkoen gunean, albisteen pantailaren ondoan.
  • Kale Nagusian, informazio-pantailaren zutoinean.

Bi gailu berri hauei esker, Legazpik handitu du bihotz-babestutako guneen sarea. Gaur egun, honako toki hauetan daude desfibriladoreak erabilgarri:

  • Laubide (oinezkoen gunea): Berria, 24 orduz erabilgarri.
  • Kale Nagusia (zutoina): Berria, 24 orduz erabilgarri.
  • Udaletxea: Udalaren ordutegiaren arabera.
  • Udaltzaingoaren ibilgailua: Mugikorra, patruilan.
  • Kiroldegia: Instalazioaren ordutegiaren barruan.
  • Futbol zelaia: Instalazioaren ordutegiaren barruan.
  • Eguneko Zentroa: Zerbitzuaren ordutegiaren barruan.
  • Herriko hainbat enpresa: Barne-erabilerarako.

Larrialdietan, 112ra deitu
KDA berri hauek herritarren babeserako jarri dira, larrialdi baten aurrean lehen laguntza emateko aukera izan dezaten. Udalak gogorarazi nahi du horrelako egoera baten aurrean egin beharreko lehenengo gauza 112 larrialdi-zerbitzura deitzea dela.

Hala ere, osasun-profesionalak iritsi bitartean, desfibriladore baten erabilerak bizitza bat salbatzeko aukera handitu dezake, eta funtsezkoa izan daiteke denbora irabazteko.
Gainera, Osakidetzaren "Ayuda a la Parada Cardiaca" aplikazioaren bidez, herritarrek gertuen dituzten KDA gailuak lokalizatu ditzakete. Tresna horrek larrialdi egoera batean desfibriladore erabilgarri bat azkar aurkitzen laguntzen du, erantzun-denborak murriztuz eta esku-hartzea erraztuz.

Tresna hauen erabilera erraza eta intuitiboa bada ere, Legazpiko Udalak ikastaro ireki bat antolatuko du interesa duten herritar guztiek KDA baten erabilera praktikoa ikas dezaten. Ikastaroaren data oraindik zehaztu gabe dago, eta aurrerago emango da horren berri.

Udalaren helburua da herria gero eta seguruagoa izatea eta bihotz-biriketako larrialdien aurrean herritarrek ahalik eta baliabide gehien izatea. KDA sarearen hedapenarekin, Legazpik beste urrats bat eman du osasunaren, prebentzioaren eta herritarren ongizatearen alde.