Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik Katxalin Eguna ospatuko du uztailaren 11n

2026/06/18
Legazpik Katxalin Eguna ospatuko du uztailaren 11n

Katxalin elkarteak (bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen Gipuzkoako elkartea) eta Legazpiko Udalak jai egun solidarioa antolatu dute uztailaren 11rako. Katxalin Eguna izenpean, udalerria musikaz, gastronomiaz eta adin guztientzako jarduerez beteko da, kausa ikusarazteko eta dirua biltzeko helburuarekin.

Egitaraua 12:00etan hasiko da Hegialde auzotik abiatuko den kalejira alai batekin, erraldoien eta musikaren konpainiarekin. Ondoren, 13:30ean, pintxo solidarioa izango da plazan. Bildutako diru guztia BioDonostia ikerketa institutura bideratuko da, minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzeko.

14:30ean herri bazkaria izango da Azokaren gunean. Bertaratzen direnek Lekanazpik prestatutako paelladaz gozatu ahal izango dute, ogia, postrea eta edaria barne, 10 euroko prezioan. Txartelak salgai daude jada eta uztailaren 5era arte eros daitezke Gizarte Etxeko tabernan, Gurrutxagan, Laubide tabernan edo online. Bazkalostean, haurrentzako jolasak antolatuko dira.

Arratsaldeak erritmo biziarekin jarraituko du 17:00etatik aurrera, Labbaturen (Legazpiko belaunaldi arteko batukada taldea) kale animazioari esker. Jardunaldiari amaiera borobila emango dio Subeltza Band taldeak 18:00etan, Kale Nagusian egingo den kontzertuarekin.

Antolatzaile biek ekitaldi hauetan parte hartzeko eta elkartasunezko marearekin bat egiteko deia egin diete herritar guztiei.