Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content

FRANKENSTEIN AGURGARRIA. ERREZITALDI MUSIKATUA Petti eta Ana Galarragaren eskutik. Urtarrilaren 23an, Latxartegi Aretoan

2026/01/12
FRANKENSTEIN AGURGARRIA. ERREZITALDI MUSIKATUA Petti eta Ana Galarragaren eskutik. Urtarrilaren 23an, Latxartegi Aretoan

Frankenstein Agurgarria errezitaldi musikatuak irekiko du 2026ko Latxartegi Aretoko ikuskizunen programa.

Non daude zientziaren mugak? Nor da aurreikusi gabeko ondorioen erantzulea? Zerk bultzatzen du gizakia gaiztakeriara? Lurpera liteke iragana? Eta, batez ere, nor da munstroa? Frankenstein liburuan, galdera horien inguruan idatzi zuen Mary Shelleyk, duela 200 urte pasatxo.

Frankenstein agurgarria Pettik eta Ana Galarragak sortutako emanaldi bat da, Mary Shelleyren Frankensteinetik abiatuta, baina gaur egunera ekarrita. Victor Frankensteini bidalitako gutun musikatua da, nolabait esateko. Hitzak eta kantuak uztartzen ditu, eta estreinatu zenetik (2022ko (H)ilbeltzan), hainbat emanaldi eskaini dituzte, beti harrera oso beroarekin, eta, askotan, leku berezietan. Testuak gutun formatua du, idazleak Frankenstein doktoreari idatzitako eskutitza irakurtzen du, eta bertan hainbat gogoeta egiten ditu gaur egundik begiratuta. Frankensteinek sortutako izakiak bide ematen dio egileari gogoeta egiteko sormenaz, klonazioaz, zientzialarien lanaz eta erruaz, mamuez, emakume artisten ikusezintasunaz, 36ko gerraren ondorioez… Azken batean, bizitza sortzeko bideek eta bizitza kentzea dakartenek munstroei buruzko gogoeta egiteko aukera ematen diete autoreei. Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaile eta kultura-zaleak sortu du testua, kezka zientifiko, etiko, feminista eta literarioak harilkatuz. Petti musikariaren ahots eta kantuen laguntzaz errezitatzen du. Hor dira bere ibilbidean sortu dituen kantu ezaugarrietako batzuk, baita bertsioak ere.

Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak eta Petti musikariak tripak atera dizkiote liburuari, eta gaur egunera ekarri dituzte kezka horiek, ikuspegi feminista, historiko, filosofiko eta etikotik. Ordubeteko errezitaldi musikatuan, hitzak eta kantuak txirikordatzen dituzte, eszenaratze performatibo sotil eta iradokitzaile baten bidez.

Sarreren aurre-salmenta on-line, https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ loturan.
Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan, aretoko leihatilan. 
Sarreren prezioa: 5€takoa izango da.