Zuhaitz Eguna giro ederrean ospatu da Antzumaritzen

Joan den larunbatean, martxoaren 7an, Zuhaitz Eguna ospatu zen Antzumaritz (Brinkola) inguruan. Guztira 26 lagunek hartu zuten parte jardueran, eta 100 zuhaitz landatu ziren: haritza, ametza, urkia eta bi astigar espezie.
Parte-hartzaile gehienak trenez joan ziren Brinkolara, eta handik Antzumaritzeraino oinez egin zuten ibilbidea. Landaketa amaitu ondoren, Brinkolara itzuli ziren, eta batzuk trenez eta beste batzuk Junetorri bidetik bueltatu ziren Legazpira.
Arratsalde polita izan zen, giro ezin hobean eta euririk gabe. Familian egiteko plan bikaina izan zen, eta jardunaldia amaitzeko askaritxoa ere izan zuten parte-hartzaileek.
Legazpiko Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu zuten guztiei, eta naturaren zaintza eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzen laguntzen duten ekimen hauek azpimarratu nahi ditu.
ARGAZKIAK HEMEN