Legazpik Correos-eko Citypaq armairu berriak ditu dagoeneko plazan eta Laubiden

Legazpik beste urrats bat eman du bizilagunen egunerokotasuna errazteko. Citypaq paketeak jaso eta bidaltzeko armairu adimendunak jarri dira dagoeneko, eta bihartik aurrera erabat erabilgarri egongo dira udalerriko bi puntutan: plazako portikoetan, Urbeltz frontoiaren ondoan, eta Laubideko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ).
Hobekuntza hau Legazpiko Udalak eta Correosek lortutako akordioaren emaitza da, alkateak zuzenean bultzatuta, posta bulegoko arreta-ordutegiaren azken murrizketak herritarren artean sortu zituen zailtasunei erantzuteko. Horren aurrean, Udalak Correosekin lanean jardun du, posta zerbitzua herrira gehiago hurbildu eta herriaren beharretara hobeto egokitzeko irtenbideak bilatzeko.
Citypaq armairu berri horiek dira lortutako emaitza. Paketeak erraz eta modu autonomoan jaso, bidali eta itzultzeko aukera ematen dutenak, ilararik gabe eta leihatilako ordutegiaren mende egon gabe, egunerokoan erosotasun eta malgutasun handiagoa emanez. Gainera, bereziki garrantzitsua da Laubiden Citypaq armairua jarri izana, Correoseko zerbitzu bat auzora iristen den lehen aldia baita, bertako bizilagunentzako irisgarritasuna nabarmen hobetuz, orain arte ez baitzuten posta-kudeaketak egiteko punturik.
Erabilera ordutegiak
• Plazako portikoetan dagoen armairua erabilgarri egongo da eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan.
• Laubideko HAZren armairua zerbitzuaren ordutegiaren barruan erabili ahal izango da, 7: 00etatik 21:00etara.
Nola funtzionatzen dute citypaqak?
Pertsona batek Citypaq batean pakete bat jasotzea aukeratzen duenean, Correosek abisu bat bidaltzen du jasotzeko kode batekin (SMS bidez, posta elektronikoz edo Correosen app-aren bidez). Nahikoa da armairura joan, pantailan dagokion aukera hautatu eta kodea sartu edo eskaneatzea konpartimentua ireki dadin.
Gailu hauek paketeak bidaltzeko edo itzultzeko aukera ere ematen dute, herritarren ohitura berrietara egokitutako alternatiba eroso, moderno eta malgua eskainiz. Informazio guztia hemen: https://www.correos.es/es/eu/partikularrak/jaso/entrega-eta-jasotze-guneak/citypaq
Jarduera honen bidez, Legazpiko Udalak posta-zerbitzu eskuragarriagoa, modernoagoa eta hurbilagoa izateko konpromisoa indartzen du, legazpiarren bizi-kalitatea hobetuz. Pertsonentzat pentsatutako hobekuntza da, eta Legazpi udalerri erosoagoa, irisgarriagoa eta hurbilagoa bihurtzen laguntzen du.

