Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content

Legazpiko Klima eta Energia Plana 2024-2030 aldirako

2025/04/09
Legazpiko Klima eta Energia Plana 2024-2030 aldirako

2024-2030 aldirako Legazpiko Klima eta Energia Plana onartu du Udalak. Plan hau datozen urteetan udalerriak trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko jarraituko duen ibilbide-orria da. Plan honetan honako hauek dira helburu nagusiak:

  • Udalerriaren neutraltasun klimatikoa lortzea 2050ean.
  • Udalerria klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna handitzea.
  • Pobrezia energetikoa murriztea, bidezko trantsizioa bermatzeko ekintza gisa.

Plan honek proiektu eta ekintzen dekalogo bat jasotzen du, 2030 urteari begira honako erronka hauei erantzuteko:

  • Udalerriko CO2 isurien % 55 murriztea 2017ko datuekin alderatuta.
  • Udalerriko azken energia-kontsumoa gutxienez % 12 murriztea, 2021eko datuekin alderatuta.
  • Energia berriztagarriek udalerriko azken energia-kontsumoaren % 32 izatea gutxienez.
  • Udal eraikin eta instalazioen kontsumo elektriko eta termikoaren % 32 iturri berriztagarrietatik etortzea.
  • Udal-eraikinetako eta -instalazioetako energia-kontsumoa % 35 murriztea.

Hori guztia, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legean ezarritakoa errespetatuz, eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Europako Itunari atxikitzeko hartutako konpromisoekin bat etorriz.

Legazpiko Klima eta Energia Planak 5 proiektu estrategiko eta 70 ekintza ditu.

Plan honetako 5 proiektu estrategikoak honako hauek dira:

  1. Klima-aldaketaren irizpidea (arintzearen eta egokitzearen ikuspuntutik) hirigintza-plangintzan txertatzea 
  2. Ezkurrenea birgaitzea, Belaunaldien arteko egoitza-zentroa izateko, Passivhaus estandarrean oinarritua.
  3. Udalerrian energia-komunitateak ezartzen laguntzea.
  4. Junetorri autobus zerbitzua hobetzea eta deskarbonizatzea.
  5. Arrobi mendiko habitaten CO2 xurgatzeko ahalmena handitzea.

70 ekintzak honako ildo estrategiko hauetan egituratzen dira:

  • LE 1. Energia-eraginkortasuna:instalazioen eta eraikinen energia-eskaria murrizteko ekintzak.
  • LE 2. Energia berriztagarriak:iturri berriztagarrien energia-sorkuntza eta kontsumoa handitzeko ekintzak.
  • LE 3. Mugikortasun iraunkorra:mugikortasun elektrikoa eta mugikortasun aktiboa eta iraunkorra sustatzeko ekintzak.
  • LE 4. Ekonomia zirkularra:kontsumo arduratsura, hondakinen prebentziora eta hondakinen kudeaketa hobera bideratutako ekintzak.
  • LE 5. Arrisku klimatikoa:udalerria klima-aldaketaren ondorioetara prestatzeko eta horren ondorioak arintzeko ekintzak.
  • LE 6. Biodibertsitatea:biodibertsitatea babesteko eta hobetzeko ekintzak, bai landa-eremuan, bai hiri-eremuan.
  • LE 7. Pobrezia energetikoa: udalerrian pobrezia energetikoa murrizteko ekintzak.
  • LE 8. Prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa. 

Plan hori garatzeko, 5 milioi eurotik gorako baliabideak beharko dira inbertsioaren eta gastu arruntaren artean. Plana Udalaren baliabide propioekin, beste administrazio batzuek emandako dirulaguntzekin eta beste erakunde batzuen laguntzarekin finantzatuko da, hala nola UGGASA eta Sasietako Mankomunitatea.

Aipatzekoa da lantze-prozesuan herritarren parte-hartzea izan dela, herritar guztiei irekitako inkesta baten bidez eta 2030 Agenda Foroaren 3 saio eginez. Legazpik etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterantz pauso sendoz joatea nahi dugu, baina guztion parte hartzearekin egin behar da, baita herriko eragileekin ere.

KLIMA ETA ENERGIA PLANA