Legazpiko Udalak interes eta erabilera publikoko bideak konpontzeko ordenantza aldatu du

Legazpiko Udalak Lurzoru Urbanizaezineko Udal Bideen Babesa, Defentsa eta Kontserbazioa Arautzen duen Ordenantzaren aldaketa puntuala onartu du, landa eremuko bizilagunen beharrei eta eguneroko errealitateari erantzuteko helburuarekin.
Aldaketa hau Udalbatzaren urriko ohiko osoko bilkuran onartu zen, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin; Berdeak+independientes taldeko ordezkaria ez zen bilkurara bertaratu.
Azken urteotan, udalerriko hainbat landa eremutan interes publikoko eremuetara iristeko eta erabilera publikoko bideak konpontzeko beharra agerian geratu da. Bide horiek funtsezkoak dira landa eremuan bizi diren herritarrentzat, etxebizitzetara, ustiategietara eta inguruko zerbitzuetara iristeko ezinbestekoak baitira.
Aldaketa honen bidez, Udalak bere inplikazioa eta herritarren konpromisoa uztartu nahi ditu, elkarlana, auzolana eta jasangarritasuna bezalako balioak sustatuz. Horretarako, Udalak konponketarako materialaren kostua bere gain hartuko du (hormigoia, hodiak eta antzekoak), eta, bidearen jabetzak, berriz, auzolanaren bidez egingo ditu konponketa lanak.
Prozedura honako urratsetan oinarrituko da:
- Izapidea bi modutan has daiteke: interesdunek udalera eskaera aurkeztuta edo Udalak ofizioz hasita.
- Udaleko teknikariek bidearen erabilera eta egoera aztertuko dituzte, dagokion jabe edo erabiltzaileekin batera. Baldintzak betetzen direla egiaztatzean, Udalak materiala eman aurretik, auzokideek auzolanean konponketa gauzatuko dutela adierazi beharko dute.
- Konponketa lanak auzokideek egingo dituzte auzolanean, Udalak ez du parte hartuko obretan, soilik materiala jarriko du.
- Behin lanak bukatu ondoren, Udalak egiaztatuko du emandako materiala konponketan erabili dela.
Aldaketa puntual honen bidez, Legazpiko Udalak landa eremuaren garapen orekatu eta jasangarria sustatu nahi du, baliabide publikoen erabilera arduratsua eta herritarren parte-hartze aktiboa uztartuz.