Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Udalak Urtatza auzoko irisgarritasuna eta hiri-kalitatea hobetzeko plan integrala bultzatuko du

2025/10/31
Legazpiko Udalak Urtatza auzoko irisgarritasuna eta hiri-kalitatea hobetzeko plan integrala bultzatuko du

Legazpiko Udalak Josean Medina arkitekto legazpiarrari eskatu dio Urtatza auzorako plan zuzentzaile bat egiteko. Helburua da hiri, gizarte eta ingurumen-hobekuntzarako estrategia orokor bat zehaztea, auzo osoan modu koordinatuan jardun ahal izateko, elkarren artean koherentziarik gabeko esku-hartze partzialak saihestuz.       

Urtatza Legazpiko auzorik berezienetako bat da. Malda handiko muino batean sortu zen, eta bere trazadura etxebizitza-blokeen antolaera eraginkorrenaren inguruan antolatu zen, hiri-egitura eta irisgarritasuna baldintzatuz. Beste auzo zaharragoetan ez bezala, ez zen espazio publikoaren kalitatea lehenetsiz diseinatu, eta horrek, denborarekin, mugikortasun-zailtasunak, berdegune kualifikatuen gabeziak eta hiri-balio gutxiko espazioak eragin ditu.              

Hala ere, Urtatzak auzo-kohesio handia eta komunitate-sentimendu handia ditu. Bizilagunek ingurua zaintzen dute, eraikin gehienetan igogailuak jartzea bultzatu dute eta auzoa hobetzeko konpromiso argia erakusten dute.          

Azken urteotan, Udalak hainbat hobekuntza-ekintza egin ditu Urtatzan, batez ere irisgarritasunaren eta urbanizazioaren arloan. Esku-hartze horiek inbertsio handia eragin duten arren, haien eragina ez da guztiz agerikoa izan maila globalean, unean-unean eta eremu zehatzetan garatu baitira. Horregatik, proiektu berri hau auzoa bere osotasunean aztertu eta planifikatzeko aukera gisa planteatzen da, etorkizuneko jarduketak koordinatu ahal izateko ikuspegi integral bat eskainiz.               

Etorkizunerako ikuspegia duen plan integrala  Plan Zuzentzaile berriak auzoaren erronka nagusiei erantzun bateratua ematea izango du helburu, hirigintza, gizarte, ingurumen eta energia alderdiak integratuz.      Honako helburu hauek ditu, besteak beste:       

  • Egungo egoeraren diagnostiko orokorra egitea.         
  • Hiriko eta oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzea, bai espazio publikoetan, bai atarietan.       
  • Espazio publikoak eta berdeguneak berrantolatzea eta biziberritzea, bizikidetza eta herritarren erabilera sustatuz.       
  • Zaharkitutako hiri-azpiegiturak berritzea eta haien eraginkortasuna hobetzea.
  • Urbanizazioan iraunkortasun-irizpideak sartzea.           
  • Jarduketa-faseak eta balorazio ekonomiko orokorra ezartzea, hobekuntzak arian-arian gauzatzen laguntzeko. Eric Galvez Legazpiko alkateak nabarmendu duenez, "plan hau ez da soilik maila teknikoan antzemandako beharretatik sortu, baita herritarrek Legazpi Auzoetatik prozesu parte-hartzailean adierazi dituztenetatik ere.

Legazpi Auzoetatik ekimenaren helburua auzoetara udal kudeaketa hurbiltzea, herritarren beharrak zuzenean ezagutzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea da. Entzute aktibo horri esker, hobeto dakigu auzoko zein alderdik behar duten lehentasunezko jarduketa ".       

Galvezek gaineratu duenez, "azken urteotan hobekuntza handiak egin dira Urtatzan, baina horren eragina ez da modu uniformean ikusten auzo osoan. Horregatik, orain beste urrats bat ematen ari gara: proiektu global bat nahi dugu, Urtatza osotasun bat dela pentsatuko duena eta jarduerak modu koherente eta planifikatuan koordinatzea ahalbidetuko duena".

"Urtatzak aurkezten dituen erronkei anbizioz aurre egiteko ordua iritsi da. Behin betiko proiektua lortu ondoren, administrazioengana joko dugu finantzaketa bila, udalak bideratzen dituen baliabide propioekin batera, beharrezko inbertsioak egin ahal izateko ". Alkateak azpimarratu duenez, plan hau "auzo irisgarriago, bizigarriago eta jasangarriago baten aldeko apustua da, bertan bizi direnen nortasuna mantendu eta bizi-kalitatea indartuko duena".Plana Urtatzako bizilagunekin lankidetza estuan garatuko da, eta proposamen eta lehentasunak aurkeztu ahal izango dituzte.2023-2027 Legegintzaldi Planean hartutako konpromisoari erantzuten dio jarduera honek, eta bat egiten du udaleko beste plan estrategiko batzuekin.            

"Auzo-proiektua da hau, baina baita udalerri proiektua ere", esan du alkateak. "Berarekin Legazpi kohesionatuago, berdeago eta etorkizunera hobeto egokitutako baterantz goaz".