Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

“Niretzat ohorea da gala honekin aurrera egitea, eta aurten gainera jaialdi bihurtu da Legazpin”

2025/12/06
“Niretzat ohorea da gala honekin aurrera egitea, eta aurten gainera jaialdi bihurtu da Legazpin”

Abenduaren 12an hasiko da Legazpin Magia Jiji-jaja Jaialdia, Euskal Magoen III. Magia Gala lehen ekitaldia izango delarik, ostiralean, 19:00etan Latxartegi Aretoan. Azken bi edizioen arrakastaren ostean, Eneko Gutierrez legazpiar magoak kartel “paregabea eta inoiz baino handiagoa” prestatu du aurten, eta lehen aldiz ilusio handiak izango dira oholtza gainean.


“Niretzat ohorea da gala honekin aurrera egitea. Aurkeztu nuenean lehen proposamena, ez nuen inoiz pentsatuko hirugarren edizio bat egongo zenik, eta are gutxiago jaialdi batean bihurtuko zenik. Legazpira kalitate oneko magia ekartzea ikaragarria da”, azaldu du Gutierrezek.


Aurtengo galan parte hartuko dute:


•    Oier Jurado (Enzzo Magoa)
•    Julen Magoa
•    Alaitz Oraa, ilusio handien Europako txapelduna
•    Eneko Gutierrez, gala aurkezten eta magia komikoa eskaintzen

Herriko magoak nabarmendu nahi izan du aurten jauzi kualitatiboa eman dutela: “Paregabea gelditu da kartela. Lehenengo aldiz ilusio handiak izango ditugu gure galan, eta gainera kalitate erraldoikoak. Europako txapelduna dugu taula gainean, Alaitz Oraa, dantzari batekin egiten duen lan ikusgarrian. Julen magoa ere ilusio handiekin dator eta Enzzo, Oier Jurado magoaren sortutako pertsonaia kimikari dibertigarria ere izango da.”

Gala batetik jaialdi batera


Hirugarren urtera iritsita, antolatzaileek pauso handi bat eman dute aurten: asteburu osoko Magia Jiji-jaja Jaialdia sortu dute, herriko talde eta elkarteekin elkarlanean. “Lehenengo edizioan esan nien taldekideei: ‘Hirugarren urte bat egotekotan, jaialdi bat izatea gustatuko litzaidakela’. Eta horrela sortu da: herriari esker jaialdia lortu dugu”, adierazi du Gutierrezek.


“Gala paregabea da, lehen mailako artistekin; oso musikal eta magikoa izango da, eta euskal magia gaztearentzat aukera polit bat. Eskerrak eman nahi dizkiet jaialdian kolaboratzen duten pertsona eta elkarte guztiei: nire talde osoari eta Legazpiko Gazte Asanblada, KTE, Ilinti, Lenbur eta Udalari.”, azaldu du legazpiarrak.

ASTEBURU MAGIKOA LEGAZPIN: EGITARAU OSOA


MAGIA JIJI-JAJA JAIALDIA (Abenduak 12, 13 eta 14)
12, ostirala
•    Euskal magoen III. Magia Gala: 19:00etan, Latxartegi Aretoan. Antolatzailea: Legazpiko Udala.


13, larunbata
•    11:30ean: Gertuko magia “Merkatarien Misterioa”, Eneko Gutierrez eta Oier Jurado magoekin, Euskal Herria plazatik abiatuta. (Elkarlana: Ilinti)
•    19:00-21:00: Magia poteoa herriko erdiguneko tabernetan, hamar magoren eskutik: Jerry, Carlitos, Andoni, Xabi Garmendia, Asier Saizar, Ruben Rodriguez, Iagomago, Beñat Zubizarreta, Alex de la Morena eta Maria Arandia. (Elkarlana: KATE)
•    23:00etan: Magia gala bihurria Gaztetxean (+18), hainbat artistarekin: Jerry Zhang, Carlitos, Fernando de Rozas, Oier Jurado, Unai Jurado, Iagomago, Julen magoa, Andoni Zapatilletan eta Eneko Gutierrez. (Elkarlana: LGA)

14, igandea
•    17:00etan: Andoni Zapatilletan magoaren ikuskizuna Chillida Lantokin. (Elkarlana: Lenbur)