Ostiral honetan San Martin eta San Ignazio bidegurutzea seguruago egingo duen proiektua aurkeztuko zaie herritarrei
Legazpiko Udalak bilera irekia egingo du ostiral honetan, martxoak 6, San Martin eta San Ignazio auzoetako bizilagunekin, zonaldean burutuko den hurrengo proiektua aurkezteko. Ekimena Legazpi Auzoetatik parte-hartze prozesutik sortu da. Prozesu horren bidez, azken hilabeteetan herritarrek auzoei buruz duten pertzepzioa eta proposamenak jaso dira.
Joan den urriaren 30eko saioan, partaidetza-dinamika horren barruan, bertaratutakoek hiri-ingurunearen hobekuntzarekin lotutako hainbat premiaren berri eman zuten. Ekarpen horiei erantzuteko, Udalak San Martin auzoko 1 eta 2 eta San Ignazio auzoko 5-6 bis bidegurutzea eraberritzeko proposamena egin du.
Aurkezpena martxoaren 6an egingo da, 12:00etan, San Martin kaleko 2. zenbakiaren parean dagoen aparkalekuan. Proiektu txikia da, baina herritarren eskaerei erantzun zuzena ematea eta espazioaren segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzea du helburu.
San Martin (1etik 13ra) eta San Ignazio (1etik 19ra) auzotarrak gonbidatuta daude. Udalak eskatzen du erkidego bakoitzeko gutxienez pertsona bat egotea aurkezpen labur honetan, ahalik eta ordezkaritza handiena bermatzeko eta proiektua behin betiko gauzatu aurretik ekarpenak jasotzeko.
Era honetako aurkezpenak udalerriko gainerako auzoetan errepikatuko dira, Legazpi modu parte-hartzaile eta jarraituan hobetzeko helburuarekin.