Segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak hasi dira San Inazio eta San Martin auzoetan

Legazpiko Udala hobekuntza-lanak egiten hasi da egunotan San Inazio eta San Martin auzoetan. Esku-hartze honen helburu nagusia oinezkoen segurtasuna bermatzea, irisgarritasuna hobetzea eta ibilgailuen zirkulazioa egoki antolatzea da.
Proiektu honek "Legazpi Auzoetatik" herritarren parte-hartze ekimenaren baitan du jatorria. Ekimen horren barruan, udal-ordezkariek (alkatea, zinegotziak eta teknikariak) auzo-ibilbide eta bilera ireki bat egin zuten bizilagunekin 2025eko urriaren 30ean. Saio hartan 13 pertsonak hartu zuten parte eta auzoaren beharrak identifikatzeko 38 ekarpen jaso ziren. Horrez gain, obra hauek hasi aurretik, herritarrekin adostasuna bilatzea ezinbestekoa izan da Udalarentzat; hori dela eta, bizilagunekin bi bilera ireki egin dira proposamena zehazteko eta xehetasunak jasotzeko (lehenengoa 2026eko martxoaren 6an, eta bigarrena apirilaren 13an), eta Sasietako arduradunekin ere hainbat kontsulta egin dira kontenedoreen kokapen berria behar bezala zehazteko eta bidegurutzeko puntu itsuak ekiditeko.
Guztietatik lehentasunezkotzat jo ziren lehen hiru puntuak dira orain gauzatzen ari direnak:
- Bidegurutzea hobetzea: Bertako puntu itsuak konpontzea eta irisgarritasuna hobetzea (edukiontziak/kontenedoreak, aparkatutako autoak eta ispilua egokituz).
- Oinezkoentzako pasabide segurua: Oinezkoen ibilbidea babesteko pasabide seguru bat egitea, espaloia eta piboteen bidez.
- Aparkalekuan norabideak markatzea: Aparkaleku-eremuan ibilgailuen norabideak eta bide-seinaleak argi seinaleztatzea.
- San Inazio 5eko bidegurutzean, San Inazioko aldapan eta San Martineko arkupean, irteeran eta sarreran ere, errepidean “txintxetak” jarriko dira abiadura moteltzeko.
- Aurrerago barandak jarriko dira San Inazioko patioko itxituran eta San Martineko aparkalekuko horman, zebra-bide berria egiten denean.
Aurrekontuaren zehaztapenak
Zorua egokitu ostean, bide-seinaleztapen eta pintaketa lanekin borobilduko da obra. Horretarako, Paskin Seinalizazioak S.L. enpresak egingo ditu seinaleztatze lanak, guztira 5.895,42 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne; oinarri zergagarria 4.872,25 €-koa izanik).
Lan hauekin, San Inazio eta San Martin auzoek oinezkoentzako espazio seguruagoa eta irisgarriagoa izango dute datozen asteetan, herritarrekin elkarlanean landutako proiektu bati esker.

