Sustraiak D.T.ak 50 urte, Tenerifera doaz dantza egitera abenduaren 5etik 8ra

Sustraiak Dantza Taldearen 50. Urteurren egitarauaren barruan abenduaren 5etik 8ra Sustraiak Dantza Taldeko kideek, Legazpiko Goiz Deia Txistulariekin batera, Tenerifeko Acentejo eskualdean egonaldi bat egingo dute.
“Taldeak 25 urte bete zituenean Rogelio Botanz Legazpiarrak bertara joateko gonbita luzatu zigun eta orduan ezinezkoa izan bazen, oraingoan gonbitea onartu diogu (nahiz eta 25 urte pasa diren…)”, diote Sustraiakeko kideek.
Taldeak egonaldia La Matanza de Acentejo herrian egingo du eta bertan larunbat arratsaldean dantza saio bat eskainiko du. Igande goizean Tegueste herrian dantzatuko du.
Dantza emanaldietan Euskal Herriko hainbat dantza eskainiko dituzte, besteak beste Legazpiko Ezpata Dantza, Zinta Dantza eta Guda Dantza.
Astelehen goizean Legazpira itzuli aurretik Teide mendia bisitatuko dute.
Tenerifeko irteera honekin Sustraiak Dantza Taldeak bere 50. Urteurrena ospatzeko prestatu duen egitarauari amaiera emango dio.