Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

UPV/EHUk frogatu du Legazpin euri-uraren kudeaketa jasangarriak uraren kalitatea hobetzen duela eta berrerabiltzea ahalbidetzen duela

2025/10/30
UPV/EHUk frogatu du Legazpin euri-uraren kudeaketa jasangarriak uraren kalitatea hobetzen duela eta berrerabiltzea ahalbidetzen duela

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako ikerketa batek baieztatu du 2022an Legazpiko San Ignazio auzoko kale nagusian ezarritako hiri-drainatze jasangarriko sistemak (SUDS) nabarmen hobetzen duela euri-uraren kalitatea eta aukera ematen duela ura garbiketa-lanetan edo ureztaketan berrerabiltzeko. Ikerketa hau “Hiri-eskorrentziaren uraren kudeaketa jasangarria” izeneko proiektuaren barruan garatu da, Legazpiko Udalarekin elkarlanean. Proiektua 2022ko maiatzaren 5ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da, EHUren eta Legazpiko Udalaren artean, Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea 2022 deialdiaren esparruan. Hitzarmena Inmaculada Arostegui Madariaga Ikerketako errektoreordeak eta Koldobike Olabide Huelga alkate andereak sinatu zuten, eta horri esker finantzatu ahal izan zen Maddi Garmendia Antín irakasleak zuzendutako ikerketa. Elkarlan honi esker, Legazpin aztertu zen San Ignazioko aparkalekuan, zoladura iragazkorra eta euri-urak biltzeko tanga konbinatzen dituen sistema bat. Lortutako emaitzek erakusten dute horrelako zoladurek uraren filtrazio naturala errazten dutela, eta, ondorioz, uhertasuna, solidoen eta metalezko partikulen presentzia murrizten dela, eskorrentzia-uraren kalitate orokorra hobetuz. Eneko Madrazo Uribeetxebarria, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslearen hitzetan, “sistemak uraren ziklo naturala imitatzen du: euri-ura zoladuraren eta lurzoruaren bidez filtratzen da, eta prozesu horretan modu naturalean garbitzen da”.Bestalde, Ainhoa Lekuona Orkaizagirre, Kimika Fakultateko ikertzaileak, azaldu duenez, “tangan jasotako urak ez du arrisku ekologikorik, eta, bere kalitate biologikoa bermatuta, garbiketa-lanetan edo ureztaketan erabil liteke”. Horrela, ikerketa-taldeak egiaztatu du tangan bildutako urak ez duela arrisku ekologikorik eta erabil daitekeela, beharrezko iragazketa- eta kontrol biologikoko prozesuen ondoren, hiri-garbiketan edo berdeguneen ureztaketan. Legazpiko Udaletik oso balorazio positiboa egin da EHUrekin izandako lankidetzaz, horri esker ikerketa zientifikoa hiriaren kudeaketan aplikatu ahal izan baita, eta uraren zikloaren kudeaketa jasangarriago eta arduratsuago baten alde aurrera egin baita.Udalak bere konpromisoa berresten du ingurumen-berrikuntzaren eta naturatik eratorritako irtenbideen alde, klima-erronkei eta uraren kudeaketari modu jasangarrian erantzuteko.