ZINE-KLUB SAIOA LATXARTEGI ARETOAN: “Sustraiak, sustrai galduak” dokumentala. Urtarrilak 16, Beti Gazte Animakzio Elkartearekin elkarlanean
Legazpi Zine-Klub elkarteak Beti Gazte Animakzio elkartearen proposamena onartu eta Sustraiak, sustrai galduak filma eskainiko du, datorren urtarrilaren 16an, ostirala, 19:00etan Latxartegi Aretoan.
Beti Gazte elkarteak aurreko beste kasu batzuetan bezala gaurkotasuna eta gertutasuna duten eduki sozialeko gaiak lantzen dituzten ikusentzunezko proiektuak babestu izan ditu hauek aurrera eramateko crownfundingetan parte hartuz eta ondoren horien emaitza Legazpiko udalaren bitartez eta zine-klubaren laguntzaz herrian partekatuz.
Kasu honetan ere gaurkotasun handiko gai bat jorratzen du Sustraiak dokumentalak eta horrelako lanak partekatzea garrantzitsua dela uste dugu kontutan izanda gizarteak eskuin muturreko eta horren muturrekoak ez diren horrenbeste mugimendu, talde eta pertsona “gutxi gorabehera” ezagunak migrazioaren inguruan eraikitzen ari diren kontakizunari aurre egiteko.
Ziur gaude kontakizun hori gure artean ere azkar eta errez hedatu dela somatu duzuela, horregatik pentsatu genuen babestea dokumental hau, ze gorroto eta arbuio diskurtsoen aurrean, SUSTRAIAKek gazte migratzaileen errealitatera aurreiritzirik gabe hurbiltzea sustatzen du.
SUSTRAIAKek adiskidetasuna, aukeratu gabeko bakardadea, helduarora igarotzeko erronkak eta pertsona migratzaileekiko enpatia nabarmentzen ditu eta gainera, SUSTRAIAKen migratzaile gazteek beraiek hitz egiten dute eta beren ahotsa dute, beren espazioa eta gogoetak dira ikusleari zuzenean eskatzen dizkiotenak.
Hiba, Bachir eta Manan familia-laguntzarik gabeko migratzaile gazteak dira, eta eskaladaren munduan sartzen dira. Mendian babestuta, libre eta edozertarako gai sentitzen dira. Haien iragana, galdutako sustraiak eta inoiz iristen ez den etorkizunerako promesa baten itxaropena itzaltzen dira helburua pixka bat gorago heltzea baino ez denean.
Baina funtsean, SUSTRAIAK haurtzarotik helduarora igarotzeari buruzko dokumental bat da. Munduan beren lekua aurkitu nahi duten hiru gazteren istorioa da.
Dokumentala pasa den abenduaren 13an aurkeztu zen Bilbon ospatzen den Mendi Film festibalaren baitan eta bertan MENDI KULTURAKO FILM ONENAREN saria irabazi zuen.
Proiekzioa urtarrilaren 16an izango da, Latxartegi Aretoan iluntzeko 7etatik aurrera eta bertan dokumentalaren zuzendaria den Luis Arrieta-ren presentzia izango dugu.
Ikusleen artean dokumentala babesteagatik jaso genuen “sariko” produktuak zozketatuko ditugu, horien artean Koldo Pastor Yerro margolariak marrazten dituen akuarela ederretako bat.
Proiekzioan bildutako diruak besteak beste SOS RACISMO NAVARRA elkarteari ekarpen bat egitea du helburu.
Urtarrilaren 16an Latxartegi Aretoan ikusiko gara!
