Zorionak Yisha Wang Xu eta Amaia Azpeitia Osinaldei, aurresku txapelketan sarituak
Legazpiko ordezkaritza bikaina izan zen asteburuan VIII. Gazteen Aurresku Ligako bigarren kanporaketan, Villabonako Gurea aretoan jokatutako saioan. Yisha Wang Xu legazpiarrak B mailako kanporaketa irabazi zuen, eta bere irakasleak, Amaia Azpeitia Osinaldek, irakasleari dagokion saria jaso zuen.
Lehiaketan 11 eta 15 urte bitarteko 24 neska-mutilek hartu zuten parte, B eta D mailetan banatuta. Yisha Wang Xuk B mailan lehen postua eskuratzea lortu zuen, egindako lanaren eta erakutsitako mailaren ondorioz.
Yisha Wang Xu Sustraiak dantza taldeko kidea da, eta kanporaketa berean talde bereko beste dantzari batzuk ere aritu ziren: Alaitz Agirre Arruebarrena, Araitz Berasategi Armendariz, Jon Alberdi Garde eta June Osinalde Mendiola. Lehen hiru sailkatuen artean egon ez arren, guztiek lan bikaina egin zuten.
Sari hauek Sustraiak dantza taldeak egiten duen lanaren emaitza dira, bai dantzarien prestakuntzan, bai euskal dantzaren transmisioan. Legazpiko Udaletik zorionak eman nahi dizkiegu Yisha Wang Xu-ri eta Amaia Azpeitia Osinalderi, bai eta lehiaketan parte hartu duten Sustraiak dantza taldeko kide guztiei ere.