Bestelako jai eta ospakizunak
Erregeen Kabalgata
Urtarrilaren 5ean, Erregeen kabalgatak zeharkatzen ditu herriko kaleak, 20:00ak aldera herriko plazan jarririko “Belengo estalpean” Erregeek beren eskaintzak egin eta ekitaldi nagusia burutzen da. Korosti Dantza taldea arduratzen da azken urteotan ekitaldiaz.
Kabalgata egunaren aurreko egunetan, Erregeentzako gutun bilketa antolatzen da Azokako eremuan.


Inauteriak
Azken urteotan hiru egunez ospatu izan dira Inauteri jaiak, Ostiralean ikastetxeen kalejirarekin hasi eta Lintxen etorreraren ondoren mozorro askeen eguna izaten da, arratsalde partean txarangaz lagundurik. Larunbatean Legazpiko Gazteak Elkarteak antolaturiko Zapatuko Inauteria izaten da eta igandean berriz Euskal Herriko tradiziozko inauteri bat iristen da gure kaleetara Sustraiak Dantza taldeak sustaturiko konpartsa herrikoi baten bidez. 2025ean konpartsa horren 35. Urteurrena ospatzen da, eta konpartsa berezia kaleratuko da. Azken egun honetan iluntzean egiten den Lintxen agurrarekin ematen zaie amaiera Legazpiko inauteriei.


Oilar Jokoa
Korpus zortzigarren egunean egiten da joko hau herriko plazan. Garai batean arrunta zen joko hau gaur egun Legazpin bakarrik mantentzen da, eta badirudi antzar jokoaren oinarri bera duela. Jokoan begiak estalirik dituzten gazteek markaturiko bidean oilarra dagoen tokiraino iritsi behar dute, txistularien doinu jakin batez, tranka-tranka, lagundurik.


San Juan bezpera: armen alardea eta San Joan sua
Errito bereziak egin ohi dira San Juan bezperako arratsean eta gauean. Herriko plazan, erdialdean, San Juan zuhaitza jartzen da. Garai batean gazteak goraino igo arte lehian aritzen ziren.
1994 geroztik Armen Alardea egiten da Laubide kaletik abiatuta herriko kaleetan zehar, garai batean egiten zenaren antzera.
Ilunabarrarekin batera San Juan sua pizten da herriko plazan eta herriko elkarte, musikari eta herritarren parte-hartzearekin, erromeria ospatzen da.


Gipuzkoako Artzain Eguna
Iraileko lehen igandean egiten da Legazpin Gipuzkoako Artzain Eguna jaia. Egun guztian artisauak eta bertako produktuez hornituriko postuez gain, gazta lehiaketa, ardi lehiaketa, artzainei omenaldia, herri bazkaria, artzain txakur lehiaketa, eta abar izaten dira.


Asteburu mikologikoa
Urrian burutzen da, larunbata bilketa eguna izanik eta igandean erakusketa eta dastaketa antolatzen dira. Urte askotako etenaren ondotik, Lekanazpi elkarteak kudeatzen du ekitaldia.


Ardanbidetako erromeria
Garai bateko mendi magaletako erromeriak berpiztu asmoz Zingi-Zango euskara elkarteak jarri zuen martxan Agorreko Santikutz jaien barruan. Urte batzuetako etenaren ondoren Lakiola-Kimuberri elkarteak jarri du berriz ere martxan 2017an, urriko azken igandean, Lakiolako erromeria izenez ezagunagoa den ekitaldi hau.


San Nikolas
Abenduaren 6an ospatzen delarik, Legazpin abenduaren 5ean, bezperan egiten dute herriko gaztetxoek erronda, obispoz mozorroturiko ikasle bat gidari dutela. San Nikolas egunak Eguberri festen zentzua eta urtemugaren gertutasuna burura dakartza. Badirudi gaur egun Legazpin San Nikolas abestaldeak egiten duen ibilaldia bere abesti, jantzi eta ohituretan, Arrasatetik ekarria dela, “Udalaitzen sortua”.


Gabon erronda
Abenduaren 24an Gabon erronden eguna izaten da.
Goizean herriko ikastetxeetako erronda izaten da.
Arratsaldean berriz, Lekanazpi elkarteak kudeatzen duen Gabon Erronda Herrikoia izaten da, Olentzero eta Mari Domingirekin, Laubidetik hasi eta erdigunean amaitzen den Erronda Herrikoia.

