Agirre Etxeberrin izandako intrusioaren eta eragindako kalteen berri ematen du Legazpiko Udalak

Agirre Etxeberri eraikin publikoan urriaren 4ko (igandea) azken orduaren eta gaurko (urriaren 5a) goizaldearen artean gertatutakoaren berri eman nahi die Udalak herritarrei, bai eta kaltetu diren zerbitzu zein instalazioen egungo egoera jakinarazi ere.
Igandeko 20:30ak aldera jo zuen eraikineko alarmak, eta Udaltzaingoa berehala bertaratu zen. Leihoetako bat zabalik zegoela ikusita, Ertzaintzaren laguntza eskatu zuten babes-neurri gisa, barrualdea ikuskatzeko.
Barrualdea aztertzen ari zirela, pertsona bat identifikatu zuten bertan.
Orain arte aztertutako segurtasun-kameren irudiek berresten dute pertsona bakarra egon dela eremuan. Ertzaintzaren ikuskapen- eta ikerketa-lanak gaur goizaldeko 04:00ak aldera amaitu dira, eta alkatea ere bertan izan da operatiboa gertutik jarraitzen.
Kalte materialen ebaluazioa
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako ikuskapenean egiaztatu denez, eragindako kalteak materialak baino ez dira, eta eraikinaren egiturazko kalteak erabat baztertu dituzte.
Sartu den pertsona eraikineko 13 aretotan sartzen saiatu zen, eta horietatik 5etan lortu zuen sartzea (beste gela bat blokeatuta geratu zen hainbat saiakera hutsen ondoren). Kalteak erregistratu dira igarobideko ate batzuetan eta kristalezko ate eta leihoetan; sarrailak behartu dituzte eta leihoak hautsita daude. Gainera, hainbat armairu indarrez zabaldu dituzte, eta dokumentazio, espediente zein artxibo ugari aurkitu dituzte lurrean sakabanatuta.
Musika Eskolako arduradunak egiten ari diren behin betiko inbentarioaren zain, oraindik ezin izan da ziurtasunez zehaztu materialik edo musikagailurik lapurtu den ala ez.
Gertaera hauen aurrean, Izpien Txokoa aldi baterako itxita mantentzea erabaki du Udalak, kaltetutako leihoa konpontzeko lanak egin bitartean eta esparruaren segurtasuna bermatu arte.
Bestalde, Musika Eskolako klaseak bertan behera geratu dira gaur, urriak 5, astelehena. Zentroa harreman zuzenean egongo da ikasleekin, jarduerari berriro noiz ekingo zaion edo ohiko programazioan izan daitezkeen aldaketen berri garaiz emateko.
Kameren grabazioak sakon aztertzen jarraitzen dute, intrusioaren ordu zehatza finkatzeko eta xehetasun guztiak argitzeko. Legazpiko Udalak barkamena eskatzen die erabiltzaileei eragindako eragozpenengatik, eta berriro adierazten du Agirre Etxeberrin erabateko normaltasuna ahalik eta azkarren berreskuratzeko konpromisoa.