Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Marco Topo iritsi da Legazpira, herriko ondarea familian modu interaktiboan ezagutzeko jolas berria

2026/09/18
Marco Topo iritsi da Legazpira, herriko ondarea familian modu interaktiboan ezagutzeko jolas berria

Gaur, irailak 18, aurkeztu da Legazpin ‘Marco Topo’ baliabide turistiko berria. Familiei zuzendutako joko interaktibo honi esker, herriko txoko, historia eta natura- zein kultura-ondare nagusiak modu dibertigarri eta hezitzailean ezagutu ahal izango dira hemendik aurrera.

Aurkezpenean LH4ko ikasleek izan dute protagonismo nagusia: Haztegi Ikastolako eta Olamendi Ikastetxeko umeek, euren irakasleekin batera, lehenengo aldiz probatu dituzte jokoak proposatzen dituen erronka eta pistak, abentura estreinatuz.

Proiektu hau Lenbur Fundazioaren eta Legazpiko Udalaren arteko elkarlanari esker jarri da martxan. Bi erakundeek herriko ondare industriala, naturala eta kulturala balioan jartzeko konpromisoa berretsi dute, bisitariei zein bertako familiei esperientzia berritzailea eskainiz. Marco Topo plataforma estatuko hainbat udalerri eta turismo-helmugatan arrakastaz erabiltzen den tresna da, eta gaurtik aurrera Legazpin ere erabilgarri dago.

Lenbur Fundazioak eta Udalak herritar zein bisitari guztiak animatu nahi dituzte abenturan murgiltzera. Parte hartzeko eskuorriak Mirandaolako Turismo Bulegoan daude eskuragarri, eta informazio zein argibide guztiak www.marcotopo.com webgunean aurki daitezke.

Nola jolasten da Marco Topora?

Jolasa ginkana autogidatu bat da, paperezko mapa bat eta mugikorrerako web-aplikazio bat uztartzen dituena:

  1. Familiek paperezko mapa bat eta eranskailu (pegatina) multzo bat jasoko dituzte Mirandaolako Turismo Bulegoan (edota mapa mugikorrera deskargatu www.marcotopo.com webgunean).
  2. Legazpiko ibilbideak 12 puntu interesgarri hartzen ditu barne (ondare-txokoak, gune naturalak eta kulturalak).
  3. Puntu bakoitzera iristean, mugikorrean galdera edo erronka bat agertuko da. Familiek inguruneari begiratuz erantzun beharko dute.
  4. Erronka gainditzen den bakoitzean, mapako dagokion lekuan eranskailu bat jartzen da, Flopi gaiztoak harrapatutako 'Topolillak' askatzeko.

Animatu Legazpi Marco Topo-ren bitartez ezagutzera!