Erdialdean izango da “Legazpi Auzoetatik” prozesuko hurrengo saioa

Azaroaren 27an, ostegunean, Legazpi Auzoetatik parte-hartze prozesuak aurrera jarraituko du, oraingoan hirigunean zentratuta, Legazpiko erdialdetik ibilbidea eginez. Hitzordua 18:00etan izango da, Kultur Etxetik abiatuta (Latxartegi, 3).
Prozesua amaitzen ari da eta, horregatik, saio hau aukera berezia izango da herritarren ekarpen gehiago jasotzeko. Ibilaldian zehar, espazio publikoak, mugikortasuna, lurzoruaren erabilera eta udalerriko erdiguneko eguneroko beste alderdi batzuk hobetzeko iritziak, beharrak eta proposamenak partekatuko dira.
Aurreko saioetan bezala, herritarrei zuzenean entzutea da helburua, guztion artean Legazpi erosoagoa, eskuragarriagoa eta biziagoa eraikitzen jarraitzeko.
Ibilbidea amaitzean, mokadutxo bat eskainiko da Kultur Etxean. Hitz egiten jarraitzeko eta partaideen artean ideiak trukatzeko espazio lasaia osatuko da horrela.
Saioa irekia da eta edonork har dezake parte, ekarpenak egin eta ibilbidearekin bat egin. Udaleko talde teknikoak ideia guztiak bilduko ditu prozesuaren azken ondorioetan txertatzeko.
