Lintx eta Katamaloen etorrerarekin hasiko dira ofizialki Legazpiko Inauteriak

Ordurako Inauteri giroa piztuta izango bada ere, otsailaren 13an, ostirala, 17:15ean Lintx eta Katamaloen etorrerarekin emango zaie hasiera ofiziala Legazpiko Inauteriei.
Trapalata Txaranga izango dugu lagun etorrera ekitaldian, eguraldiak laguntzen badu Euskal Herria plazan egingo dena (bestela Azokan).
Arratsaldeko 17:15ean, Lintx katamotza eta katamaloak azalduko dira Udaletxeko balkoian. Trapalata txarangaren laguntzaz lehen kopla kantatuko dugu (bi aldiz jarraian). Kantuak irauten duen bitartean Katamaloak Lintxekin balkoian arituko dira dantzan.
Kanta amaitzean zarata aterako dugu eta izututa Lintx eta katamaloak alde egingo dute. (Zarata ateratzeko komeni da guztiok zerbait eramatea: txilibituak, karrakak, oihu egin,…txarangak ere lagunduko digu).
Berriz azalduko dira Katamaloak eta Lintx, oraingoan jai eremuan eta jende artean ibili ondoren musikariak dauden tokira hurbilduko dira guztiak. Aurreko jokaldia errepikatuko dugu guztiok (oraingoan ere musikari taldeak adieraziko digu noiz hasi kantuan.) Kantua amaitzean txafleroa botako da eta zarata ateratzen hasiko gara, Lintx eta katamaloak izutzeko.
Oraingoan alde egiten dutenean gure poza adierazteko bigarren kopla kantatuko dugu era horretan Legazpiko Inauteriei hasiera ofiziala emanez.
KOPLAK: Doinua: Axuri beltza
1) Lintx beldurtzeko deia.
Lintx gaizto eta sarraski-zale
katamaloekin dator
uju ta aja, ulu ta txistu
tira karrakari gogor (bis)
(ABESTU ONDOREN ZARATA ATERA ETA DANTZA MUSIKARIEKIN)
Litx eta katamaloak berriz azaltzean, Musikarien ingurura gerturatzen direnean berriz kantatuko dugu kopla eta amaieran TXAFLEROA botako da eta zarata aterako dugu Lintx eta katamaloak izutzeko.
2) Lintxek alde egin du. Ospatzeko kopla:
Gure zaratei esker joan da
dantza eta sua lagun
uju ta aja, ulu ta txistu
festan ospatu dezagun (bis)
Trapalata Txarangak plaza girotzen jarraituko du 18:00ak arte.
19:00etan Alaitasuna Errondailako kideak aterako zaizkigu Laubide kalera, Alaitasuna 60-70 hamarkadak hartuko ditu berriz ere kaleak.
Hortik aurrerakoak norbere kontu!