Karen Montes eta Marta Fondón dira Euskal Magoen IV. Magia Galarako sarrera zozketaren irabazleak

Legazpiko Udalak egunotan Instagram bidez antolatutako sarrera zozketak baditu bere irabazleak: Karen Montes eta Marta Fondón. Bakoitzak bina sarrera eskuratu ditu abenduaren 18an, ostirala, Latxartegi Aretoan ospatuko den Euskal Magoen IV. Magia Gala lehenengo ilaratik ikusteko.
Gabonen atarian, Legazpiko Udalak bultzatutako ikuskizun honek bere laugarren edizioa beteko du arratsaldeko 19:00etan, eta aurten berrikuntza nabarmenekin dator.
Goi-mailako artistak eta ‘Artxila Mortxila’ saria
Eneko Gutierrez mago legazpiarrak eta Fernando de Rozasek aurkeztuko dute gala, beren ohiko magia komikoarekin, eta honako artista hauek igoko dira oholtzara:
- Filipa Balbina (Bea Larrañaga): Artista tolosarra izango da aurtengo gonbidatu berezia, bere clown ikuskizun musikalizatuarekin.
- Andoni Martinez de Ustaran: Hernaniarrak magia bisuala eta ilusio ertainak ekarriko ditu, oso gutxitan ikusten den proposamen original batekin.
- Hodei Magoa: Iruñeko magoak, Espainiako txapeldun nazionalak, ilusio handiko ikuskizuna eskainiko du.
Aurtengo berrikuntza nagusia “Artxila Mortxila” ibilbidearen saria izango da. Euskadin magia gaztea indartsu egoteko ezinbestekoak izan diren maisu eta aitzindariei esker ona adierazteko sortu da errekonozimendu hau. Lehen edizio honetan, Marsel Magoa izango da sariduna, eta omenaldi txiki bat egingo zaio ekitaldian bertan.
Galako sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta aurrez eros daitezke dagoeneko Internet bidez, latxartegisarrera.sacatuentrada.es webgunean. Sarrerarik geratuko balitz, abenduaren 18an bertan jarriko dira salgai aretoko leihatilan, 18:00etatik aurrera.
2. MAGIA JIJI-JAJA JAIALDIA. Abenduak 18,19 eta 20
Udalak sustatutako ostiraleko galaz gain, Eneko Gutierrez kudeatzaileak asteburu osora zabaldu nahi izan du eskaintza 2. Magia Jiji-Jaja Jaialdiarekin, larunbat eta igandeko ekitaldiak herriko beste eragile batzuekin elkarlanean antolatuz:
18, OSTIRALA: Euskal magoen IV Magia Gala: Hodei, Bea Larrañaga, Andoni magoa eta Eneko Gutierrez, aurkezle lanetan. 19:00etan Latxartegi Aretoan.
19, LARUNBATA:
12:00: TALENTU BERRIEN GALA: Telmo Peños, Ruban Bravo, Yeray, Oier Agirresarobe eta Alex de la Morena. Ilinti merkatari elkatearekin batera. Zozketak eta jolasak egongo dira.
15:00-17:00: Jon Zabal MENTALISTAREN HITZALDIA. (Magoentzat gomendatua). Sarrera arrunta 25€. Legazpiko Gaztetxean
19:00-21:00: MAGIA POTEOA Kukue, Giroa, Ibai-ondo, Katilu, Karibe Berri, Karibe Zaharra, Gurrutxaga, Oilarra, Elizondo eta Xarport tabernetan.
23:00: MAGIA GALA BIHURRIA Legazpiko Gaztetxean. Sarrera: 3€
20, IGANDEA: Magia ikuskizuna- Oier Juradorekin. 17:00etan Chillida Lantokin.
Horrela, Legazpik magia eta ilusioa izango ditu ardatz abenduaren 18tik 20ra bitartean, herritar guztiei zabalik dauden proposamenekin. Legazpiko Udalak bertaratzeko eta asteburu berezi honetaz gozatzeko gonbita luzatzen die herritarrei.
