Legazpik AROA plana onartu du: euskararen indarberritzerako eta euskaldunen ahalduntzerako bide-orri berria, urtarrilean herritarrei aurkeztuko dena

Legazpiko Udalak AROA – Legazpin euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa (2026–2036) onartu du. Hamar urteko ikuspegia duen plan honek euskararen erabilera handitzea, herritarren ahalduntzea eta udalerriko hizkuntza-bizikidetza justu eta inklusiboa indartzea du helburu.
AROA plana udaleko ordezkari politiko eta teknikoen, herriko eragileen eta herritarren arteko elkarlan zabalaren emaitza da. Prozesu parte-hartzaile baten bidez osatu da, Legazpiko euskararen egungo egoeraren diagnostiko zehatza oinarri hartuta, eta etorkizuneko erronkei modu adostuan erantzuteko asmoz.
Aro berri bat euskararen biziberritzean
Legazpin euskararen ezagutza zabala bada ere, erabilerak erronka handiak ditu oraindik. Testuinguru horretan, AROAk aro berri bati ekiteko beharra aitortzen du, orain arte egindakoa baliatuz baina estrategia berrituak martxan jarriz. Planak hizkuntza-politika ausarta proposatzen du, euskara udalaren agenda politikoaren erdigunean kokatuz eta udal-arlo guztietan zeharkakotasunez lantzeko konpromisoa hartuz.
AROAren oinarrian honako balio hauek daude: adostasuna, egingarritasuna eta eragina, betiere hizkuntza-ekologiaren ikuspegitik eta gizartearen aniztasuna kontuan hartuta. Euskara ardatz izanik, justizia soziala, inklusioa eta herritarren parte-hartzea sustatzen ditu.
Erronka nagusiak eta lan-ildoak
2026–2036 aldirako planak hainbat ardatz estrategiko eta erronka nagusi zehazten ditu, besteak beste:
• Gobernantza: euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunean kokatzea eta erakundeen zein gizarte-eragileen arteko koordinazioa indartzea.
• Jarrera eta motibazioa: euskararen aldeko jarrera sendotzea, hiztunen ahalduntzea bultzatzea eta euskal komunitatearen ikusgarritasuna handitzea.
• Ezagutza eta gaitasuna: euskararen transmisioa indartzea, ikasteko aukerak zabaldu eta erraztu, eta jatorri atzerritarreko herritarrak euskarara hurbiltzea.
• Erabilera eta elkarreragina: euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko babesguneak sortu eta indartzea, bereziki aisialdian, kirolean eta kulturan.
• Berrikuntza, ikerketa eta komunikazioa: ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzea, datuetan oinarritutako jarraipena egitea eta diskurtso berritzaileak hedatzea.
Erronka horiei erantzuteko, planak ekintza zehatzak, arduradunak eta epeak jasotzen ditu, udalaren jarduna gidatzeko tresna eraginkor gisa.
AROAren garapena eta jarraipena bermatzeko, gobernantza-eredu partekatua ezarri da. Udaleko Zuzendaritza Taldeak planaren jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, eta horrekin batera Herriko Euskara Mahaia sortuko da, hezkuntza, aisialdi, kirol, ostalaritza eta bestelako gizarte-eragileekin elkarlanean.
Halaber, adierazle-sistema baten bidez neurtuko da planaren betetze-maila, euskararen ezagutza, erabilera eta herritarren jarreraren bilakaera ebaluatzeko.
Herri-proiektu bateratua
AROA ez da soilik udalaren plan bat: Legazpi osorako herri-proiektua da. Udalak herritar eta eragile guztiei dei egiten die datozen urteetan euskararen indarberritzean aktiboki parte hartzera, elkarlanean eta konpromisoz, euskara Legazpiko eguneroko bizitzaren ardatz bizia izan dadin.
Planaren onarpenarekin, Legazpik pauso sendoa eman du etorkizunari begira, euskaldun ahaldunak eta euskaraz bizi ahal den herria eraikitzeko bidean.
Horrez gain, 2026–2036 aldirako AROA plana herritarrei aurkezteko saio bat egingo da urtarrilean, Elhuyar Aholkularitzako teknikarien laguntzarekin. Saio horren bidez, planaren helburu nagusiak, erronkak eta lan-ildoak ezagutaraziko dira, eta herritarren parte-hartzea eta inplikazioa sustatu nahi dira.
LEGAZPIN EUSKARA INDARBERRITZEKO ETA EUSKALDUNAK AHALDUNTZEKO MARKO ESTRATEGIKOA 2026-2036