Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpik Arrobi mendiko kontserbazioa sustatzen du herritarrei zuzendutako jardueren bidez

2025/07/28
Legazpik Arrobi mendiko kontserbazioa sustatzen du herritarrei zuzendutako jardueren bidez

Legazpiko Udalak, Naturtzaindia elkartearekin  elkarlanean, irteera gidatua antolatu du Arrobi erabilera publikoko mendira datorren irailaren 6an, larunbata. Ekimenaren helburua herritarrei inguruan dauden interes komunitarioko hiru habitatetan (IKH) egindako berreskuratze eta kontserbazio lanak hurbiltzea izango da.

Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek aukera izango dute zuzenean ezagutzeko honako habitat hauek eta horietan egindako jarduketak:Quercus pyrenaica kantauriar ametza (IKH 9230), kantauriar larre azidofiloak (IKH 6230*) eta esfagnalak eta zohikaztegiak (IKH 7140). Antolatzaileek habitat bakoitzaren ezaugarriak azalduko dituzte eta baita kontserbaziorako gauzatutako jarduera zehatzak ere.

Irteeraren bezperan, irailaren 5ean, ostirala, saguzar gaubela berezia egingo da, Saguzar Gaua, Naturtzaindiaren eskutik. Saio dibulgatibo horretan, saguzarrei buruz gehiago ikasteko aukera egongo da. Basoen kontserbazioa eta habitaten egoera ona animalia horien babesteko funtsezkoak direla azpimarratuko da. Proiektuaren barruan, joan den udan 20 saguzar-kaxa jarri ziren Barrendiola urtegiaren inguruan, animalia horientzako babeslekuak eskaintzeko helburuarekin.

Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren (Eskualde Garapenerako Europako Funtsa - EGEF) kofinantzaketari esker gauzatu ahal izan da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Legazpiko ganaduzaleen lankidetza eta parte-hartzea ere nabarmendu behar da.

Ibilbidearen distantzia 12,3 kilometrokoa da eta metatutako garaiera 200 metrokoa izango da. Iraupena bost ordukoa izatea espero da eta 5 geldialdi ezberdin egingo dira. Amaieran, mokadutxo bat emango zaie parte-hartzaile guztiei.

Izena ematea irailaren 1 arte egongo da irekita eta behin pertsona kopurua jakinda autobusa hartuko da Aztirira igotzeko.

IZENA EMAN!