Legazpik haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketan parte hartzera gonbidatzen ditu familiak

Legazpiko Udaleko hezkuntza zerbitzuak gonbita egin nahi die 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko seme-alabak dituzten, hau da, 2020ko abendutik 2022ko ekainera bitartean jaio diren haurren familiei, haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa batean parte hartu dezaten. Proiektuaren aurkezpena datorren ostegunean izango da, azaroaren 20an, 18:00etan, Agirre-Etxeberrin (Izpien txokoa).
Legazpiko Udala Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultateko ikertzaileekin ari da elkarlanean, hazkuntza osasungarria sustatzea eta haurren osasun mentaleko arazoak prebenitzea helburu duenikerketa-proiektu aitzindari batean. Ikerketaren helburua, familia-testuinguruaren kalitatea ebaluatzea eta haurren garapen sozioemozionalean eragiten duten faktoreak goiz detektatzea da.
Lana 50 familiarekin egingo da. Helburua da familia-testuinguruarekin lotutako alderdiak, hala nola, estresaren kudeaketa edo komunikazio-trebetasunak, garapen sozioemozionalean nola eragiten duten aztertzea.
Emaitzak baliagarriak izango dira familiei zuzendutako politika publikoak eta laguntza-programak hobetzeko, bizitzako lehen urteetatik garapen sozioemozionala sustatuz. Legazpiko familien parte-hartzea funtsezkoa da haurtzaroaren hazkuntza positiboa eta garapen osasungarria hobeto ulertzeko.
Familiak ekimen hau ezagutzera eta bertan parte-hartzera gonbidatzen ditugu; izan ere, osasun mentalerako inbertsiorik onena familiaren jardunbide egokia dela uste baitugu.
