Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Bertso-Olariek 25. urteurreneko kantua plazaratu dute

2026/01/08
Legazpiko Bertso-Olariek 25. urteurreneko kantua plazaratu dute

2025a urte berezia izan da Legazpiko Bertso-Olarientzat, bertso eskolaren 25. urteurrena ospatu baitute. Urteurreneko ekitaldiei amaiera emateko, kantu berezi bat sortu eta argitaratu dute, bertso eskolaren ibilbidea eta komunitatea omentzeko.

Kantuaren doinua Joxe Arizkorretak konposatu du, eta hitzak Ane Belokik, Lierni Ugartek, Jone Narbaizak eta Mikele Arizkorretak sortu dituzte; guztiak bertso eskolako kideak. Abenduaren bueltan grabatu zuten lana Mutrikuko Axular Arizmendiren estudioan.

Musikari dagokionez, Xaukenako kideek jo dituzte instrumentuak, eta baterian Aiur Goikoetxea aritu da. Ahotsetan, berriz, Legazpiko bertso eskolako kideek parte hartu dute, Axular Arizmendirekin batera. Bideoaren ekoizpena Jon Goikoetxeak egin du, eta dagoeneko ikusgai dago sarean.

Legazpiko Bertso-Olariek eskerrak eman nahi izan dizkiete kantuaren sorreran parte hartu duten guztiei, baita urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietara hurbildu diren herritar guztiei ere.

Bideoa hemen ikus daiteke: