Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Udalak 2026ko egutegiaren aurkezpena egin du: “Gorputza mugitu, burua argitu” da aurtengo leloa

2025/12/10
Legazpiko Udalak 2026ko egutegiaren aurkezpena egin du: “Gorputza mugitu, burua argitu” da aurtengo leloa

Legazpiko Udalak 2026ko egutegiaren aurkezpena egin du, urtero bezala ilusioz eta mimoz prestatutako egitasmoa. Aurkezpenean parte hartu dute Miryam Galilea komunikazio zinegotzia; Mikel Aramendia, Aktibatu Legazpiko teknikaria; eta KOI taldeko erabiltzaileak diren Antonio Esteban eta Clara Luz Enrique.

Aurtengo egutegiaren ardatza “Gorputza mugitu, burua argitu” leloa da, eta helburua argia da: jarduera fisikoak osasun fisiko eta mentalean duen garrantzia azpimarratzea eta herrian egiten den lan zabala balioan jartzea. Horretarako, Udalak hamabi jarduera fisiko hautatu ditu, urteko hilabete bakoitzari lotuta, herritarren parte-hartzea eta ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz.

2026ko egutegian ikusgai izango diren jarduerak honako hauek dira:

•    Urtarrila: Tipi Tapa
•    Otsaila: Haurren bizikleta festa
•    Martxoa: Korosti Trail
•    Apirila: Zuhaitz bat babestu ekimena
•    Maiatza: Jolasak familian
•    Ekaina: Andraitz + La Salle + Ilintxa 
•    Uztaila: Haur txikientzako igeriketa saioak
•    Abuztua: KOZ (Koordinazioa, Oreka eta Indarra) jarduera
•    Agorra (Iraila): Judo (arte martzialak)
•    Urria: Dantza
•    Azaroa: mantenu gimnasia azhartzaroan
•    Abendua: Lasaitasuna

Hilabete bakoitzean jardueraren argazki bat eta azalpen labur bat agertzen dira, baina testuan hitz bat falta da; hitz hori asmatzea izango da aurtengo zozketan parte hartzeko gakoa eta hilabetero 50€ko bonoa zozketatuko da herriko edozein denda edo tabernatan gastatzeko. Pista guztiak egutegiaren atzeko aldean daude bilduak.

Aurkezpenean, KOZ zerbitzu berriko teknikaria eta erabiltzaileak ere izan dira. Aktibatu Legazpi ekimenaren barruan, herritar askok parte hartu dute azken urteotan, eta KOI (koordinazioa, oreka eta indarra) lantzen duen talde berriak harrera bikaina izan du. Erabiltzaileek adierazi dute jarduerarekin oso pozik daudela, eta herritarrak animatu dituzte jarduera fisikoan hasteko edo jarraitzeko, ongizate fisiko eta mentalerako onurak nabariak baitira.

Miryam Galilea zinegotziak adierazi duenez, Udalak “osasun fisiko eta mentalaren aldeko apustua indartzen jarraituko du etorkizunean ere, udaleko hainbat zerbitzutatik bultzatutako proiektu berriekin”.

Egutegiak abenduaren 11n eta 12an banatuko dira herriko etxe eta baserri guztietan zehar. Etxean jaso ez dutenek, astelehenetik aurrera (abenduak 15), Udaletxeko HAZ zerbitzura joan ahal izango dute ale bat eskuratzera.

Legazpiko Udalak gonbitea luzatzen die herritarrei: mugi dezagun gorputza eta argitu dezagun burua, egutegiak proposatzen dituen edo herrian eskaintzen diren bestelako jarduerez gozatuz, LEGAZPI BIZI ETA OSASUNTSU BAT ERAIKITZEN JARRAITU DEZAGUN.

2026ko egutegia