Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpitik Tenerifera: Sustraiak DTk emanaldi bikainekin itxi ditu bere 50. urteurreneko ekitaldiak

2025/12/09
Legazpitik Tenerifera: Sustraiak DTk emanaldi bikainekin itxi ditu bere 50. urteurreneko ekitaldiak

Sustraiak dantza taldeko 30 lagunetik gora —dantzariak zein Goiz Deia txistulari taldeko musikariak— abenduaren 5ean abiatu ziren Tenerifera, bi emanaldi eskaintzeko helburuarekin. Bidaia honek ukitu berezia izan du: duela 25 urte jaso zuten Rogelio Botanz kantari eta ikertzaile kanariarraren gonbidapena, eta oraingoan bete ahal izan dute, taldearen 50. urteurreneko ekitaldien azken saioa bilakatuz.


Taldea La Matanza de Acentejo herrian izan da ostatatuta, eta bertako dantza taldearekin harreman estua izan dute egonaldian zehar. Tokiko dantzariek “El baile del niño” tradiziozko dantza irakatsi zieten, Gabon garaian urtero egiten den dantza ezaguna. Dantzaren jatorria eta historia xehe azaldu zizkieten, eta abenduaren 6ko emanaldian elkarrekin dantzatzeko aukera izan zuten herriko plazan, bertako ikusleen aurrean.


Rogelio Botanzek, gonbidapenaren sustatzaileak, irlako historia eta tradizioak gertutik ezagutarazi zizkien bisitariei, eta Gomera irlako silbo edo txistu-korapilo bereziaren erakustaldi bikaina eskaini zien bere ikasle ohi batekin.


Abenduaren 7an Tegueste herrian eman zuten bigarren kontzertua. Udal ordezkariek egindako harreraren ondoren, Tenerifen oso errotuta dagoen kanariar borroka praktikatzeko pabiloia bisitatu zuten. Herriko klubeko kideek kirolaren bilakaera azaldu zieten, eta borrokalari baten testigantza ere jaso zuten.


Dantza emanaldia Teguesteko plazan izan zen, eta jendetza bildu zen ikuskizunaz gozatzera. Sustraiaken dantzek arrakasta handia izan zuten, eta ikuskizunaren amaieran bertako herritarrek “La danza de las flores” dantza tradizionala erakutsi zieten. Eguna La Lagunara egindako bisitarekin borobildu zuten.


Hirugarren egunean Teide mendira igotzeko aukera ere izan zuten. Ondoren zuzenean aireportura abiatu ziren, eguerdian irla utzi behar baitzuten. Lau egun intentsu eta biziz beteriko egonaldia izan bada ere, taldeko kideek adierazi dutenez, pozik eta esperientzia aberasgarriz beterik itzuli dira etxera.


Sustraiak taldeak eskerrak eman nahi dizkie Rogelio Botanzi eta bere familiari, egindako harrera goxoagatik eta euren etxea eta tradizioak zabal-zabalik eskaintzeagatik. “Tenerife ez dela eguraldi oneko eta hondartzetako irla soil bat” azpimarratu dute dantzariek, “kulturaz eta ondarez betetako lurraldea dela bertatik bertara egiaztatu baitugu”.


Bidaia honekin, Sustraiak taldeko dantzariek Teneriferaino eraman dute Legazpiren izena, gure kultura partekatuz eta herri osoarentzat harro egoteko moduko listoia oso goian utziz. Zorionak!