Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Mari Domingi eta Olentzeroren bisitak, Ikastetxeen Gabon erronda eta Erronda Herrikoia

2025/12/19
Mari Domingi eta Olentzeroren bisitak, Ikastetxeen Gabon erronda eta Erronda Herrikoia

Ostiral goizean, abenduaren 19an, Haztegi ikastola eta Olamendi eskolako ikasleek Mari Domingi eta Olentzeroren bisita jasoko dute; une batez beraiekin konpartituko dute eta abenduaren 24a baino lehen euren eskaerak entzungo dituzte.

Bestalde, abenduaren 24an, goizeko 10:30ean, Mari Domingi eta Olentzero Santikutz Egoitzara joango dira, udal ordezkariekin, Goiz Deia txistulariekin, Doinua musika eskolako txistulariekin eta LH5 eta LH6 ikasleekin batera.

Goizeko 11:00etan, erronda hasiko da Laubide auzoko oinezkoen gunean, ordena honi jarraituz: Goiz Deia Txistulariak - Doinua Musika Eskola – Haur Hezkuntza (hasieratik edo Haztegi ikastolako patiotik parte hartzeko aukerarekin) - LH 1, 2, 3 – Trikitilariak- LH 4, 5, 6 – DBH.

Ibilbidea honako hau izango da: Laubide – Santikutz kalea – Meazti – Latxartegi parkea – Kale Nagusia – Euskal Herria plaza

Eguraldi txarra balitz, Santikutz egoitzara bisita 11:00etan izango da eta ekitaldi bat egingo da Azokan, 12:00etan.

► Gabon kantak eta ibilbidea

Arratsaldean berriz, Lekanazpi elkarteak sustatu eta kudeaturik, Erronda herrikoia egingo da.

Horra, horra... badatoz Olentzero eta Mari Domingi Korostiaga menditik barrena...

Olentzero eta Mari Domingiren lagunek bidea argituko diegu, Legazpin bizipoza eta ilusioa bana dezaten.

Erronda zirraragarria izan dadin, herritarren laguntza beharko da. Gogoz eta prest egonez gero, ager zaitez 17:45ean Goierri taberna parera.

-    Irteera 18:00etan Goierri taberna paretik.
-    Amaiera 19:30ean Gernika plaza. 

OSASUNA ETA BIZIPOZA!!!