Katxalinek hainbat ekintza antolatu ditu Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta

Urriaren 19tik 24ra sentsibilizazio eta elkartasun ekimenak egingo dira, eta hauekin batera gizonezkoen osasunari buruzko hitzaldiak ere
Katxalin Elkarteak Legazpin antolatu du urriaren 19an ospatuko den Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna. Data honen helburua herritarrak gaixotasunaren inguruan sentsibilizatzea da, eta detekzio goiztiarrak gaixoen pronostikoa hobetzeko duen garrantzia gogoraraztea.
Katxalin bularreko minbizia edota ginekologiako minbizia duten emakumeei laguntzeko Gipuzkoako elkartea da. Gaixotasunean zehar emakumeei laguntzea eta prozesuan zehar sor daitezkeen zailtasunei aurre egiten laguntzea du helburu. Horretarako, gizarte-laguntza, banakako eta taldeko laguntza psikologikoa, fisioterapia eta boluntarioen laguntza eskaintzen ditu, beste zerbitzu eta jarduera batzuen artean. Era berean, gaixotasuna ikusarazteko, sentsibilizazioa bultzatzeko eta erasandako emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du.
Jardueren egitaraua:
Legazpin urrian aurreikusitako ekimenak honako hauek dira:
- Urriak 19: Udaletxean begizta arrosa eta argi arrosak jartzea, bularreko minbizia duten pertsonak sentsibilizatzeko eta laguntzeko.
- Urriak 20: «Movember, gertutik» hitzaldia, 18:00etan, Gizarte Etxean.
- Urriak 21: Pintxo-pote solidarioa Laubiden.
- Urriak 23: Postulazio solidarioa plazan.
- Urriak 24: Postulazio solidarioa Kale Nagusiko Eroskin.
«Movember, gertutik»: gizonezkoen osasunaz hitz egiteko hitzaldia
Urriaren 20ko hitzaldiak Movember mugimendua eta Urola Garaian egiten ari den lana ezagutzeko aukera emango du. Saioak bere ardatz nagusiak jorratuko ditu: prostatako minbiziaren eta barrabiletako minbiziaren prebentzioa, osasun mentala eta suizidioaren prebentzioa.
Ekitaldia Katxalinek antolatu du, Udaleko Gizarte Zerbitzuen laguntzarekin eta arratsaldeko 18:00etan izango da Gizarte Etxean.
Legazpiko Udalak programatutako jardueretan parte hartzeko eta sentsibilizazio- eta elkartasun-ekimen horiekin bat egiteko deia egin die herritarrei.
