TREBA Gazteak Legazpira iritsiko da, scape rooma, prestakuntza eta podcast baten grabazioa uztartuz

TREBA Gazteak programak doako hainbat jarduera eskainiko ditu azaroan Legazpiko Kultur Etxean, 17 urtetik gorako gazteei zuzenduta. Hiru proposamen izango dira: erronkak gainditzeko scape room bat, feminismo intersekzionalean sakontzeko tailer bat eta gazteen ahotsa zabaltzeko podcast baten grabazioa. Jarduera horien bidez, teknologia berriak, feminismo intersekzionala eta ongizate emozionala landuko dira, aisialdia, prestakuntza eta sorkuntza kolektiboa uztartuz.
TREBA Gazteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 2020an abian jarritako ekimena da, gazteei ahalduntze-prozesuetan laguntzeko helburua duena. Aurten, berrikuntzekin dator: prestakuntza, esperientziak eta sorkuntza uztartzen dituen formatu berrituarekin. Programa Gipuzkoako sei udalerritan garatuko da, horien artean Legazpin.
Legazpiko Udalak, Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuaren bidez, aurreko sei edizioetan parte hartu du, eta iaz TREBA Nerabeak programan ere parte hartu zuen, nerabeei zuzenduta. Orduan, nerabe-talde batek sexualitatearekin lotutako hainbat alderdi landu zituen tailer batzuen bidez. Aurtengo proposamenak lan horri jarraipena emateko eta hausnarketarako eta gazteen parte-hartzerako espazioak zabaltzeko aukera emango du.
Azaroaren 13tik 15era scape rooma
Lehenengo jarduera scape room bat izango da, azaroaren 13tik 15era egingo dena Legazpiko Kultur Etxean. Hainbat proba eta erronkaren bidez, parte-hartzaileek programaren hiru gai nagusietara modu dinamiko eta dibertigarrian hurbiltzeko aukera izango dute: teknologia digital berriak eta algoritmoek gazteen bizitzan duten eragina, feminismo intersekzionala eta ongizate emozionala.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, 2 eta 6 lagun arteko taldeak osatuta. Gehienez 30 urte dituzten gazteek parte hartu ahal izango dute. Ordubeteko hainbat saio antolatuko dira, eta izena emateko formularioan nahi den ordutegia aukeratu beharko da.
Ordutegiak:
- Azaroak 13, ostirala: 15:00etatik 19:00etara.
- Azaroak 14, larunbata: 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30etara.
- Azaroak 15, igandea: 16:00etatik 20:00etara.
Talde bakoitzeko pertsona batek eman beharko du izena, taldeko kide guztien datuak adierazita. Edukiera betez gero, itxaron-zerrenda sortuko da.
Aske ON, anitz eta desberdin, feminismo intersekzionalari buruzko tailerra
Programak azaroaren 27an jarraituko du, Aske ON: anitz eta desberdin tailerrarekin. Ageda Blasco Egia arduratuko da saioa dinamizatzeaz.
Saioan, 17 eta 24 urte bitarteko gazteek identitatearen eraikuntza sozialari buruz hausnartuko dute, eta generoaren, botere-harremanen eta beste ardatz sozial batzuen eragina aztertuko dute beren bizitzetan.
Helburua da barneratutako ideiak kritikoki zalantzan jartzeko eta begirada kritikoa garatzeko tresnak eskaintzea, baita elkarrekiko babesa sustatzea ere, askatasun handiagoz bizitzeko bidean.
Gainera, parte-hartzaileek podcast bat prestatzeko aukera izango dute, Malen Altuna eduki-sortzailearen laguntzarekin eta dinamizazioarekin. Horrela, landutako gaiak beren ikuspegitik jorratu eta ideiak partekatu ahal izango dituzte.
Gazteen ahotsa, TREBA Gazteak podcastaren protagonista
Esperientziak azaroaren 28an jarraituko du, TREBA Gazteak podcastaren atal baten grabazioarekin. Malen Altunaren laguntzarekin eta dinamizazioarekin, gazteek podcast bat sortzeko eta grabatzeko prozesua bertatik bertara ezagutuko dute.
Hainbat modutan parte hartu ahal izango dute: beren ideiak eta iritziak partekatuz, grabazioa publiko gisa jarraituz edo bi aukerak uztartuz. Horrela, podcasta beren ikuspuntuak adierazteko eta eguneroko errealitatean eragina duten gaiei buruz hitz egiteko espazio bihurtuko da.
Azaroaren 27ko tailerrean izena ematen duten gazteek azaroaren 28ko podcastaren grabazioan ere parte hartu beharko dute.
Tailerrean eta podcastean izena emateko
Doako jarduerak, aldez aurretik izena emanda
Jarduera guztiak doakoak dira, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, honako esteka hauen bidez:
Proposamen berri honekin, TREBA Gazteak programak gazteen interesetara eta komunikatzeko modu berrietara hurbildu nahi du, aisialdia, prestakuntza eta parte-hartzea uztartuz. Ikasteko, elkartzeko eta hausnartzeko espazioak sortzea du helburu, gazteak beren esperientzien eta ideien protagonista izan daitezen.
TREBA Gazteak programari buruzko informazio gehiago
