Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content

Legazpiko Udalak 150 landare inguru banatuko ditu ostiralean herritarren artean

2026/10/28
Legazpiko Udalak 150 landare inguru banatuko ditu ostiralean herritarren artean

Lorategiak berritzeko garaia iritsi da, eta lorezaintza enpresa datorren astean hasiko da landare berriak landatzen. Hori dela eta, eta maiatzean eta aurreko aldietan arrakastaz egin zen bezala, orain dauden loreak kendu eta herritarren artean banatzea erabaki du Udalak; beste bizi-aukera bat emateko eta, aldi berean, hondakin bihur ez daitezen.

Banaketa ostiral honetan bertan egingo da, 12:00ak aldera, Udaletxeko HAZ aurrean. Guztira 150 landare inguru banatuko dira. Azken aldietan bezala, Gureak-eko teknikariek prestatuko dituzte landareak.

Herritarrek etxeko balkoiak edota lorategiak alaitzeko aukera desberdinak izango dituzte, askotariko landareekin:

  • Balkoiko geranio hiedrak (Pelargonium peltatum): Kolore gorri, arrosa, zuria, morea eta bi koloretakoak izaten dira. Adar luze eta malguak dituzte, loreontzitik behera zintzilikatzen direnak. Udaberritik udazkenera bitartean izaten dute loraldia baldintza egokietan, eta nahiko sendoak dira, nahiz eta izozte gogorrak ondo ez jasasan.
  • Dragoi-ahoa edo lehoi-ahoa (Antirrhinum majus): Loreek aho txiki baten edo dragoi baten muturraren antza dute. Gorriak, arrosak, horiak, zuriak, laranjak eta moreak ikusi ahal izango dira. Udaberrian eta udazkenean oso oparoak dira, eta eguraldi freskoa nahiko gustuko dute.
  • Ipomoea (Ipomoea): Tronpeta-formako lore ikusgarriak dituen landare igokaria da (urdinak, moreak, arrosak eta zuriak). Hazkuntza azkarra du, eta bitxikeria gisa, lore asko goizean ireki eta arratsaldean ixten dira.
  • Dragoi begonia (Begonia Dragon Wing / Begonia Dragon): Lore ugari (gehienetan gorriak edo arrosak) eta hosto berde distiratsu eta hego-itxurakoak ditu. Adarrak alboetara eta beherantz zabaltzen ditu, oso itxura polita emanez lorontzietan.
  • Vinca edo Madagaskarko vinca (Catharanthus roseus): Arrosa, zuria, gorria, fuksia eta more argiko loreak ditu, eta hosto berde ilun distiratsuak. Abantaila nagusia da beroa eta lehorte laburrak beste lore askok baino hobeto jasaten dituela.

Udalak herritarrak animatzen ditu ekimen honetan parte hartzera eta landare hauei bigarren aukera bat ematera. Ez ahaztu zuekin poltsa edo ontziren bat ekartzea landareak eramateko!