Azaroan Musika zikloak azken txanpari ekin dio kalitate handiko hiru hitzorduekin

Hainbat astez herria doinu eta emanaldi desberdinez bete ostean, ‘Azaroan Musika’ zikloa bere azken txanpan sartu da. Erreferentzia bihurtu den kultur egitarau honek amaiera bikaina izango du azken hiru ekitaldi hauen eskutik: azaroaren 21ean ohiko Santa Zezilia kontzertua ospatuko da Urbeltz Pilotalekuan herriko taldeen partaidetzarekin; hilaren 22an The Spolem Girls taldearen soul eta gospel doinu indartsuak iritsiko dira Latxartegi Aretora; eta zikloari amaiera emateko, azaroaren 27an, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen Arnasa ikuskizun sentsorialaz gozatu ahal izango da leku berean.
Azaroak 21, larunbata
KONTZERTUA, SANTA ZEZILIA EMANALDIA: Santikutz Abesbatza, Goiz Deia Txistulari Taldea, Alaitasuna Errondaila eta Legazpi Musika Banda.
19:00 Urbeltz Pilotalekua. Sarrera librea tokiak bete arte.
Txartelak eskuragarri: Azaroaren 17tik 20ra, 15:00etatik 19:00etara Kultur Etxeko Harreran.
Santa Zeziliaren kontzertua ohiko formatuarekin dator, baina agertoki berrian, duela hiru urte estreinatua. Herriko taldeek eta musikazaleek gehien espero duten hitzorduetako bat da, eta bakarkako emanaldiak, taldeen arteko kolaborazioak eta abar izango ditu.
Informazio gehiago: https://www.legazpi.eus/legazpi/bizi/agenda/ekitaldiaren%20zehaztasunak/1913/-/azaroan-musika-santa-zezilia-kontzertua-herriko-taldeen-eskutik

Azaroak 22, igandea
KONTZERTUA THE SPOLEM GIRLS – Soul & Gospel.
12:30 Latxartegi Aretoa. Sarrera librea tokiak bete arte.
Sara Grajal, Sibel Berra, Maider Biguri eta Barbara Berroteranek osatutako taldeak soul musikaren arrakasta handietan oinarritutako kontzertua aurkezten du. Errepertorioak 60ko hamarkadako soul klasiko ezagunak, kutsu espiritualeko soul abestiak eta gospel kantu adierazgarriak uztartzen ditu, ikuskizun dinamiko, dotore eta indartsua sortuz.
Zuzeneko banda indartsua osatzen dute Andoni Etxebestek (bateria), Jorge Luengok (baxua), Daniel Fernándezek (gitarra), Álex Harok (saxoa) eta Iñaki Miguelek, pianoan eta zuzendaritzan.

Azaroak 27, ostirala
IKUSKIZUNA ARNASA- Jokai ESPECTÁCULO
19:30 Latxartegi Aretoa. Sarrera librea tokiak bete arte.
ARNASA musika, dantza garaikidea eta antzerki fisikoa uztartzen dituen sorkuntza eszenikoa da. Diziplina artistiko desberdinak elkartuz, ikuslea gelditzera, entzutera eta arnasa hartzera gonbidatzen duen esperientzia poetiko eta sentsoriala proposatzen du.
Antzezpena, dantza, kantua, txalaparta eta akordeoia uztartuz, tradizioa eta abangoardia batzen dituen hizkuntza propioa sortzen du. Talde artistikoa: Markel Sainz: Aktorea eta ahotsa; Amaia Martínez: Dantza eta ahotsa; Asier Capón: Akordeoia eta ahotsa; Imanol Ugarte: Txalaparta eta perkusioa; Jabier Leoz: Txalaparta eta ahotsa.
