Eskerrik asko Kulturen Arteko egun zoragarri hau posible egin duzuen guztioi!

Eguraldi kaxkarrari aurre eginez eta azkenean Azokan nahiz Urbeltzen aterpe hartuta, larunbatean, urriaren 17an, Kulturen Arteko Egunaren edizio berri eta ahaztezina ospatu genuen Legazpin. Azkenean, euria ez zen oztopo izan gure herria kolorez, musikaz, dantzaz, zaporez eta, batez ere, elkarbizitzaz betetzeko.
Udaletik eskerrak eman nahi dizkizuegu bizitako egun zoragarri hau posible egin duzuen pertsona, elkarte eta erakunde guztioi: parte-hartzaileei eta herrialdeetako ordezkariei, eskerrik asko zuen kultura, gastronomia, jantziak, dantzak eta irribarrea gurekin partekatzearren. Zuek zarete jaialdi honen bihotza! Antolaketan, muntaketan eta laguntzan ibilitakoei, zuen lana eta ahalegina ezinbestekoak izan dira dena prest egoteko eta, eguraldiaren gorabeheren aurrean, jaia primeran atera dadin. Babesle eta laguntzaileei, eskerrik asko emandako babesagatik eta komunitate-egitasmo honetan sinesteagatik. Eta, nola ez, bertaratutako herritar guztiei, eskerrik asko Azokara eta Urbeltzera hurbiltzeagatik, giro bikaina sortzeagatik eta aniztasuna elkarrekin ospatzeagatik.
Egun berezi honek argi utzi du berriro ere aniztasunak aberastu egiten gaituela eta euskara nahiz euskal kultura oinarri hartuta, denon artean egiten dugula Legazpi. Eskerrik asko eta hurrengo urtera arte!
ARGAZKIAK HEMEN