Legazpiko Udalak, Zine Klubak eta Esku Hutsik elkarteak "Aitatxo" dokumentalaren proiekzioa eta mahaingurua antolatu dute urriaren 23rako

Legazpiko Udalak hiru urte daramatza lankidetza estuan Esku Hutsik elkartearekin (gestazio-, perinatal- eta jaioberri-doluko elkartea). Denbora honetan pausu esanguratsuak eman dira gure udalerrian: elkarteak urtero jaioberriei egiten zaien harreran parte hartzetik hasita, hilerrian Juan Mari Burgueraren eskulturarekin sortutako "Zu" memorialera, eta aurten bertan eta lehen aldiz Legazpin sortu den hurbilekoen zein familien laguntzarako perinatal-dolu taldearen sorreraraino.
Bide partekatu honetan beste pauso bat emanez, datorren ostiralean, urriaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, Latxartegi Aretoak "Aitatxo" (Hiru isiltasunen ahotsak) dokumentalaren proiekzioa hartuko du.
Pelikularen proiekzioaren ostean, mahaingurua egingo da, eta bertan ondorengoek hartuko dute parte:
- María González: Esku Hutsik elkarteko lehendakaria (saioa gidatuko duena).
- Virginia Marcos: Elkarteko dolu-taldeko psikologoa.
- Iosu Elorza eta Oihana Zurdo: Beraien haurraren galera jasan ondoren bere testigantza partekatuko duen familia.
- Anakotz Lasarte: Dokumentalaren jatorrizko ideiaren sortzailea eta protagonista.
Herritar guztiak gonbidatuta daude doako emanaldi honetara eta ondorengo solasaldian parte hartzera. Sarrera librea da leku-kopurua bete arte.
Sinopsia:
Aitatxo dokumentala seme/alaba baten galera osteko doluaz ari da, aitaren begiradatik. Lau aiten testigantzaren bitartez, aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratu nahi ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean, gizartean errotuta dagoen genero begiradarekin apurtuz. Ama gutxietsi gabe, aitei ere hitza emanez, esperantza mezu bat zabalduz.
Fitxa Teknikoa:
Ideia originala: Anakotz Lasarte Zangitu; Zuzendariak: Beñat Abasolo Mujika, Mikel Serrano Gil; Protagonistak: Irgor Aldazabal Egia, Fernando Alonso Barrutia, Anakotz Lasarte Zangitu, Mikel Perez Pintado
Urtea: 2025
Iraupena: 80 min

