Ikurrinari omenaldia

1932. urteko ekainaren 4an Legazpiko udal korporazioak osoko bilkuran onartu zuen, aurrenekoz, ikurriña udaletxeko balkoian jartzea. Gerra aurrean gertatu zen, San Ignazio egunez. Euskal kontzientzia legazpiarron artean zabaltzen ari zen, eta udal korporazioak, Erreizabal baserriko Daniel Aranguren alkate gaztea buru zuela, ikurriña eskegi zuen historian lehenengo aldiz, hamarkada luzeetako zapalkuntzari aurre eginez.

 

Egun gogoangarria izan zen.

 

80 urteren ondoren, eta garai hartako espirituari eutsi nahian, berriz ere geure artean dugu ikurriña. Herritarren nahiari erantzunez, udaletxe atzean jarri genuen behin betiko. 2013ko ekainaren 23az gero, euskaldunon zeinu nabarmenena hantxe dago, zut, Euskal Herria plazan.

 

Ekintza xumea baina aldi berean ederra izan zen 2013ko ekainekoa. 80 urte lehenagoko udal korporazioa osatzen zuten guztien senitartekoek eraman zuten ikurriña, eta legazpiar guztien begien bistan jarri. Tartean ziren, besteak beste, Daniel Aranguren, Cayetano Elorza, Abeliño Ziaran, Domingo Iñurritegi, Justo Urzelai, Jose Mari Agirrezabal, Valentin Agirrezabal, Jose Aztiria eta Antselmo Zabaletaren senideak.

 

Egun zoragarria izan zen 1932ko hura; ez, haatik, kaskarragoa 2013koa. Garaiak bestelakoak izan arren, ekintza errepikatu zen, eta harrezkero, behin betiko dugu ikurriña Legazpin, lau haizetara zabalduta.