Youtube Youtube

Jatorria

Legazpi herriaren eta izenaren sorrera

Herri muga barnean oraindik Jentiletxe eta Jentilola izenez ezagunak diren aintzinako burdinolak izateak, sorreraz Legazpi jentilen garaikoa eta hain zuzen, Jesukristo baino lehenagokoa dela pentsatzera bultzatzen du. Legazpiri buruz dugun lehen agiri idatzi eta zehatza 1290. urtekoa da. Gaztelako Santxo IV.ak aipatzen du zera adierazterakoan:

 

"...tengo por bien que las ferrerias que son en Legazpi masuqueras, que estan en yermo, e las hacen robos los malos homes e los robadores, que vengan más cerca de la villa de Segura..."

 

 

Legazpi izenaren hitzerroa

Hitz-azterlari denek bigarren zatia, -azpi delakoa, zati oso bat bezala hartzen dute. Aldiz izenaren lehen zatian ez datoz bat:

"legats" = mendietako lur harritsua aipatuz.
"legatz" = harmarrian agertzen diren bi arrainak kontuan harturik,
"leku" = mendi garaiez inguraturik haran batetan aurkitzen da eta.

 

Badirudi hitz honen erroaren esanahia jakiteko irizpide zuzena ondoko hau dela: dakigunez olagizonak ingurutako mendietan hornitzen ziren burdinaz eta batik bat Lekanburun (gaur Oilargain; Zerain eta Mutiloako mugen artean). Gero haranean lantzen zuten Urola ertzetan. Lekan-eko gailur edo buruari Lekanburu zioten eta Lekan meatzen beheko aldeari Lekan-azpi (Lekanazpi, Legazpi). Hain zuzen, Legazpi eta Lekanburu leku geografiko berdin baten goialdea eta behealdea lirateke.

 

Legazpiko Hirigunea

Hirigunea, seguru asko, 1608. urtean sortu zen, Seguratik bereizi eta gero. Gorde den Legazpiko plano zaharrena 1805. urtekoa da. Orduan kale bat, plaza, ospitalea, udaletxea, herri-ostatua, 40 etxe eta eliza nagusia zeuden. Inguruan 124 baserri. Herria ez zen 1920. urte arte aldatu. Urte horretan industriaren garapenak herriaren zabaltzea ekarri zuen berekin; horrela, hirigunean eskolak eta pilotalekua eraiki ziren eta 30-40 hamarkadan Kale Nagusia sortu zen.

 

1940. urtetik aurrera, garai haietako hirigintz irizpideak jarraituz, hiri-auzoak eraiki ziren: mendebaldera San Inazio, Arantzazu,... 1956. etik aurrera iparraldean Urtatza, Laubide,... Eta hegoaldean Itxaropen eta Almirante Bikuña, horiek denak Etxebizitzaren Ministerioa eta Lur-Legea aldarrikatu ondoren. Landa-auzoak: Brinkola auzoa hirigunetik 2 km.tara dago eta 1864an garrantzitsua izan zen trenbidea eraiki zelako. Telleriarte auzoa hirigunetik kilometro batetara dago eta bertan aipatzekoa da Elorregi jauregia, auzoko etxe eta mendiak menperatu baitzituen.