Youtube Youtube

Indarkeria Arreta Protokoloa

ZER DA?

 

Erakundeen arteko Koordinaziorako Urola Garaiko Udal Elkarteen Protokoloko adierazpen zenbait azpimarratzearren:

 

  • Forma ezberdinak dituen emakumeen aurkako indarkeria emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria dugu eta, horrenbestez, giza eskubideen urraketa nabarmena eta onartezina da.

 

  • Emakumeen aurkako indarkeriak emakumeek bizitzeko eremu ezberdinetan jasaten duten egiturazko ezberdintasun egoeran ditu erroak. Desberdintasunari, gizartean eta familian sexuaren arabera egindako zereginen eta arduren banaketa tradizionalak eusten dio, banaketa horrek emakumeak gizonen azpitik jartzen ditu eta.

 

  • Indarkeriaren egiturazko azalpen hori dela eta, indarkeria sexista deitu ahal diogu, emakumeen aurkako indarkeria ezberdintasun horren isla delako, seguruenez larriena, baina, horrez gain, gizartea kontrolatzeko funtsezko tresna delako, ezberdintasun egoerari eutsi eta iraunarazi egiten diolako.

 

  • Osasunaren Munduko Erakundeak dio emakumeen aurkako indarkeria dela ugaltzeko sasoian dauden emakumeak hil izanaren edo larri gelditzearen arrazoia, minbizia bezain larria, eta trafiko istripuak eta malaria batera baino osasun txarrerako arrazoi nagusiagoa dela.

 

  • Espainiako Estatuan urtero ehun emakume inguru hiltzen ditu indarkeria sexistak, eta, ondorioz, ume eta nerabe asko eta asko ama barik gelditzen dira, familiaren eta gizartearen sufrimenduaz gain.

 

  • Emakumeen aurkako indarkeria sakonean aztertu eta era askotara zehaztu dute nazio, estatu eta nazioarteko erakundeek. Indarkeriaren erroetan eta ondorioetan bat datoz, baina ez ordea, nomenklaturan. Ados daude, baita, indarkeriak emakume guztiei eragiten diela esatean, gizarte baldintza, familia estatusa, adina, erlijio eta nazionalitate desberdinetakoak izan arren.

 

ARRETA HOBETZEKO ERAKUNDEEN ARTEKO KOORDINAZIO PROTOKOLOA

 

Protokoloa genero indarkeriaren edo sexu erasoen biktima diren edo izan diren emakumeei arreta hobetzeko erakundeen lan tresna da. Izan ere, erakundeen arteko koordinazioa hobetzen hasteko eta oinarritzeko lan tresna da, protokoloa sinatu ostean, sakontzen jarraitu beharra duguna, herritarrei eman behar diegun zerbitzuaren kalitatea etengabe hobetzeko prozesuaren hasiera baino ez delako.

 

Onartezina da indarkeria sexistaren ondorioz emakumeak hiltzea. Delituen larritasunak eta ondorio latzek biktimei arreta profesionala, giza legezkoa eta afektiboa ematera derrigortzen gaituzte, eta argi dugu indarkeria sexista ezabatzeko elkarrekin egin behar dugula lan, arreta, koordinazioa eta prebentzioa hobetzeko.

 

Genero indarkeria eta sexu erasoak jasan dituzten emakumeen arretan esku hartzen duten gizarte eragileek jarduerarako protokoloak egin dituzte azken urteotan. Eta, oraingoan, aurrera egin eta erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa egin dute, protokolo espezifiko bakoitzaren prozedurak bateratu eta biktimei arreta hobea emateko.

 

Protokoloek kontuan dute eskumenen gaia, jardueren edukia ezartzen dutelako. Izan ere, jarduerok EAEko botere publikoen jarduerentzako legeen xedapenak eta irizpideak bete beharko dituzte.

 

Protokoloa 2010ean egindako diagnostikoaren ondorioa da. Diagnostikoari esker, genero indarkeriaren eta sexu erasoen arreta zerbitzuetako erabiltzaileen profil soziodemografikoa ezagutu genuen eta arazoaren eragina ere kuantifikatu egin genuen Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragan. Era berean, diagnostikoan teknikarien genero indarkeriari buruzko iritziak ere jaso ziren, eta ondoren, erabiltzaileen eta arreta ematen dieten langileen pertzepzioak alderatu ziren.

 

Diagnostikoan, indarkeria sexistaren biktimen arretarako zerbitzuetan, gabeziak eta premiak sumatu ziren. Horietariko batzuei protokoloak erantzunak ematen dizkie, eta indarkeria sexista jasaten dituzten emakumeei arreta hobea emateko bestelako baliabideak eta jarduerak martxan jartzeko daude.