Bizigune programa

Zer da BIZIGUNE programa?

Hutsik dauden etxebizitzak hartu eta prezio onean gazteei eta beharra duten pertsonei alokairuan eskaintzeko ekimena da. 


Programa honen bidez, jabeak maizterrarekin errentamendu-kontratua sinatu ordez, hutsik duen etxebizitza Eusko Jaurlaritzari eskaintzen dio. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailari atxikita dagoen "VISESA" enpresaren bitartez ETXEBIDEn izena emanda dauden pertsona edo bizikidetzako unitateei ematen die alokairuan. Maizter berriek hileroko errenta justua eta proportzionala ordainduko dute, pertsona edo bizikidetza-unitatearen diru-sarreren %30 baino gehiagokoa izango ez dena.

 

Modu horretan, merkatu libreko etxebizitza erosteko dirua ez duten pertsonei hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko aukera ematen zaie.

 

TRAMITEAK

Interesatuta bazaude eta Etxebiden izena emanda baduzu, etxebizitza hutsen programan parte hartzeko aukera aktibatu behar duzu. Bestetik, izena eman ez baduzu, jo Etxebizitzako ordezkaritzara edota lankidetza erakundeetara: BBK, Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Euskadiko Kutxa.

 

Ezaugarri horiek dituen eta hutsik dagoen etxebizitzaren jabe bazara, deitu konpromisorik gabe informazio gehiago jasotzeko: 

 

Legazpiko Udala: 943 73 70 30

Visesa: 900 25 12 51

 

Jabearen bermeak

  • Etxearen alokairua gutxienez 5 urterako izango da.
  • Hileroko errentaren ordainketa jasoko du. Errenta hori etxebizitza dagoen inguruneko etxebizitzen alokairu-prezioen arabera kalkulatuko da.
  • Kontratua amaitu ostean etxebizitza egoera onean jasoko du eta bitartean etxebizitza ongi zainduta izango du.
  • Etxebizitza horretan bizitzeko egin behar diren obra guztiak, interes gabe finantzatzeko aukera izango du, gehienez ere, 18.000 euro arte.
  • "Visesa" enpresa arduratuko da etxebizitzaren errentamendu-kudeaketaz eta jabearen lekua hartuko du maizterrarekiko harremanetan sortuko diren arazoak eta gatazkak konpontzeko.

 

BIZIGUNE programan onartua izateko etxebizitzak bete behar dituen baldintzak

  • Etxebizitzak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar du.
  • Bere azalera erabilgarria ez da 120 metro karratu baino gehiagokoa izango.
  • Programan sartu baino lehenagoko 12 hilabeteetan, etxebizitza alokatuta edo okupatuta ez egotea.
  • Etxebizitza libre izatea, hots, babes ofizialekoa ez izatea.
  • Erreferentzia errenta ez da hilean 660 euro baino gehiagokoa izango.

 

BIZIGUNE programako etxebizitza batean bizitzeko baldintzak

  • Etxebideko erregistroan izena emanda egotea eta eskaera-orrian etxebizitza hutsen alokairuprograman parte hartu nahi dela adieraztea.
  • Azken bi urtetan etxebizitzarik jabegoan ez izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea gutxienez urte betez.
  • Urteko diru sarrerak gutxienez 3.000 euro eta gehienez 33.100 euro artekoak izatea.