Youtube Youtube

Historia

Historia topikoz beterik dago. Haranaren eta, geroago, Legazpia edo Legazpi herriaren historiari buruzko azterketak ez dira baieztapen horretatik salbuetsita geratzen.


Hala ere, Legazpi herriaren historiaren laburpena eginez hasiko gara. Horrela, kristautasuna lur hauetara iritsi aurretik, herri-sinismenaren arabera, Legazpi haranaren goialdean "jentilak" (mitoek eta kondairek diotenaren arabera, garai haietan kristauak ez zirenei emandako izena) bizi ziren. Baieztapen hori agirietan dago jasota (batik bat, elizaren inguruko auzietan); agiri horietan "antzinako garaietan" haranean zeuden burdinolak "jentiletxe" edo "jentilula" izenekin zirela ezagunak irakur daiteke. Jentilek burdina ekoizteko sekretua ezagutzen zuten eta burdin hori mendietako goialdeetan ezarritako "haizeoletan" lortzen zuten.

 

 

Eta, "haizeola" horien aztarnarik aurkitu ez badira ere, oso oinarrizko labeak zirela uste dugu, kono-enbor formakoak, eta bertan lortzen zen burdinaren kantitatea eta kalitatea oso irregularra izango zen. Gaur egun, jatorrizko labe horien aztarnak "zepadiak" dira; zepadi horietan egur-ikatzaren hondarrak aurkitu dira eta, kimikoki analizatu ondoren, hondar horiek gutxi gorabehera 1080. urtera eramaten gaituzte. Zepadi horiek gure gaur egungo udalerriko hainbat tokitan agertu dira: Larrosain, Salibieta, Otañu, Teniola, Basaundi, Biurrain, Aizaleku, Korta,etab.


Baina Legazpin badugu bere populatzearen antzinako beste aztarna bat: Arrolamendi-Udanan, Oamendin edo Aizkorrin gorde diren "harrespilak" (tumuluak). Horrek, gutxi gorabehera orain dela 4.000 urteko nekazal-kulturaz hitz egiten digu, neolitiko-aroaz, garai haietan hasi baitziren abereak hazten eta landareak landatzen; orduan hasi zen, halaber, kultura megalitikoa, garai haietan metalurgia ezagutu zen eta. Legazpin, tumulu horiek zituzten garrantziaz jabetu zen lehena Saturnino Telleria (1880-1947) izan zen, "mediku zaharra" izenez ezaguna zen legazpiarra. Berak bere kontu hondeatu zituen Arrolamendiko tumuluak.
Ez dugu hemen guk argituko zeintzuk izan ziren Legazpiko lehen biztanleak. Jakin badakigu, eta zientifikoki egiaztatuta dago, gure haranean burdina antzinatik lantzen dela. Bestetik, olagizonak laster hasi ziren baserritarrekin auzietan (lehenengo auzia 1412. urtekoa da), biek esaten baitzuten haraneko lehenengo biztanleak zirela. Hala ere, horrek ezin gaitu baserritarra edo abeltzain-nekazaria haraneko antzinako biztanle izan ez zenik esatera eraman. Gure herrian oraindik oso gutxi aztertu badira ere, baserritarrak ere antzinakoak direla egiaztatzen dute aurkitutako "sarobeak" (korta-basoak). Sarobe horiek udakoak nahiz negukoak izan zitezkeen eta korta-basoaren erdi-erdian kokatutako harri bat erreferentziatzat hartuta eratutako zirkulu biribil-biribilak ziren. Aztarna horiek benetan antzinakoak direla egiaztatu da (Kristo ondorengo 0-200 urtetakoak).


Garai haien inguruan oso datu gutxi ditugunez, lankidetzaren eta okupazioaren arteko erdi-bidean, baserritarrak Legazpiko mendi eta basoetako jabe ziren olagizonentzat interes gutxi zuten lurrak okupatzen hasi zirela pentsa dezakegu. Horrela, 1412. urtean, baserritarren eta Legazpi haraneko burdinoletako jauntxoen artean haraneko mendiak ustiatzearen inguruan sinatu zen hitzarmenean honako erabakia hartu zen: baserritarrek ordura arte landu zezaketen lurzoru irekiak bakarrik laboratu eta landa zezaketen baina ezingo zuten lan egin lurzoru itxi eta landatu gabeetan.


Olagizonek ez zuten nahi nekazaritzarako eta artzaintzarako lurrak zabal zitezen, horrek baso-lurrak gutxitzea ekarriko zuelako eta egurra ezinbesteko lehengaia zitzaien burdinolan: burdina-tona bat lortzeko bi tona egur-ikatz behar zen eta bi tona ikatz lortu ahal izateko lau tona egur-ikatz behar zen.
Bi gizatalde horiek bi lege-kode desberdin zituzten. Olagizonek burdinolen foruak (1338) zituzten; foru horiek antzina-antzinatik olagizonen pribilegioak ezartzen zituzten, batik bat, lurrak edukitzeari buruzkoak, baina, denbora igaro ahala, nobleek begiak jarri zituzten lur horietan. Lekuko gainontzeko biztanleak, hala ere, landa-erregearen gehiengoa arautzen zuten legeen menpe zeuden; lege horien arabera, nobleek beraien legea inposatzen zuten, lehen instantzian bederen, oraindik lortu gabe baitzegoen errege-herriaren estatusa (errege-herriek errege-hirien menpe baitzeuden eta Erregearen babes zuzena zuten).


Eta horrela, XIV. mendearen amaieran Legazpi herriaren historian garrantzi handia izan zuen gertaera bat jazo zen: harana Segura hiriaren jurisdikziora anexionatu zen (1384. urtea). Garai txarrak ziren, segurtasun gutxikoak, batik bat Nafarroako mugako gaizkileek eraginda eta, bestetik, garaiko Ahaide Nagusien gaiztakeriak eten gabekoak zirelako. Ez zegoen okerkeria zuzentzeko aginte indartsurik eta, beraz, herri txikiek herri handiekin elkartuz gero, haien duintasuna eta eskubideak salbu egongo zirela uste izan zuten. Horregatik Legazpik Segura hiria aukeratu zuen, Segurak harresia zuelako eta hiri armatua zelako. Halaber, urte berean beste zazpi "unibertsitate", "kolazio" edo "leku" elkartu ziren Segura hiriarekin: Mutiloa, Idiazabal, Zegama, Zerain, Ormaiztegi, Gudugarreta eta Astigarreta. Legazpiren menekotasun-hitzarmenean bateratzea "saririk gabe eta indarrik gabe" egiten zela aitortu zuten alde biek, askatasunez alegia. Horrela legazpiarrek ondasun guztiekin gelditzen ziren, mendiak eta lurrak, korta-basoak, urak, larreak, zelaiak eta belarrak eta ondasun guzti horiek nahi zuten moduan erabil zituzketen, Segura hiriak bertan parte hartu gabe eta bateratze aurretik baino lehen zuten askatasun berarekin. Legazpiarren menekotasuna Segura hiriarekiko jurisdikzio zibilera eta kriminalera mugatu zen, hau da, Segurako Alkatea izango zen Legazpiko herritarrak epaituko zituena; hala ere, gure herriak Epaimahai nagusia izango zuela erabaki zen. Gainera, geroz eta handiagoa zen Segura hiriari zegozkion zergen derrama edo banaketetan lagun behar zuen Legazpik berari zegokiona ordainduz.


Agirian jasotako gertaera horren berri izan aurretik badakigu Legazpi hor zela, joan den 1290eko apirilaren 18an, Gasteizen, Antso IV.a erregeak eman zuen pribilegioan edo hiri-gutunean agertzen delako. Horrela dio agiri horrek: "E por les hacer mas bien o mas merced, tengo por bien que las ferrerías que son en Legazpia masuqueras, que están en yermo, e les hacen robo los malos homes e los robadores que vengan mas cerca de la villa de Segura e las pueblen, que sean mas abonadas e mas en salvo". Agiri horretan agertu zen Legazpi herria lehenbizikoz idatzita.


XV. mende hasieran gure herriaren lurraldeak antolatu egin ziren. Garai horretan Altzania mendiak denon artean erabiltzeko herrixken artean taldeak ezarri ziren. Bertan parte hartu zuten Segura, Legazpi, Zegama, Zerain eta Idiazabal herriak.
1430. urtean, Legazpiko baserrietako eta burdinoletako jabeak, mendiak zirela eta ez zirela, sarritan auzitan sartuta zeudenez, Aizkorri mendikatearen iparraldeko barrutiak banandu eta mugarritu egin ziren: Legazpi haranaren iparraldeak, burdinoletarako beharrezkoa zen egur-ikatza zegoen lekuak, Legazpi haranaren berezko mugartea osatu zuen. Hegoaldean kokatuta zeuden mendietako baliabideak, aldiz, Segura hirirako eta aipatutako beste lau herrientzako gorde ziren; geroago Aiztondo eta Goiburu Komunitatea izenarekin ezagutu dugu mugarte hori. Lur horiek edukitzearen eta ustiatzearen ondorioz, arazo eta gatazka ugari sortu zen XV. eta XVI. mendeetan zehar.


1608. urtera arte (Legazpiko harana Segura hirira anexionatuta 224 urte egon zen) etengabeak izan ziren bi lekuren arteko gatazkak eta desberdintasunak. Legazpik Seguraren aurka aurkeztu zituen laidoen kapitulua luzea da; horien artean hiriak haraneko bizilagunen kalterako egiten zituen banaketak aipa daitezke edo Segura hiriak legazpiarrak hiriko alardeetan parte hartzera behartu nahi zituela, edo Legazpiko burdina San Adriandik pasatu beharra bertako tasak ordain zitzan, edo 1598. urtean Felipe II.a erregearen hiletak sortu zuen gatazka.
1608. urtea baino lehen, 1564an edo 1569an, gure herriak Gaztelako Kontseilu Gorenera jo zuen independentzia lortzeko asmoarekin eta Epaimahai horrek herriaren eskaria entzun bazuen ere, Segura hiriak, Probintziaren laguntzarekin, auzia irabazi egin zuen, gainontzeko berrogeita hamar auzo edo kolaziok gauza bera eskatuko ote zuten beldur baitzen.


1608. urtean, Espainiako Koroak diru-arazoak zituela eta, Legazpik Segurako jurisdikziotik aske geratzeko asmoa aurkeztu zuen Ogasun Kontseiluaren aurrean eta aipatu Kontseilua egoera horretaz baliatu zen diru-kopuru ederra jasotzeko (bizilagun bakoitzeko 20 dukat eta Eskribautza bakoitzeko 300 dukat). Kontseiluak komisio-epaile Collado Doktoreari eman zion eskumena exentzioa gauza zezan eta horrela egin zuen. Modu horretan, Legazpiko herriak bere jurisdikzioa lortu zuen, Alkatea eta agintariak hautatzeko eskubidea eskuratu zuen eta, halaber, bere Prokuradorea bidal zezakeen Probintziako Batzar Nagusietara.


Baina independentzia lortu zuen garai hartan Legazpi ekonomia-krisi sakonean zegon murgilduta eta gain behera etorri zen: Europatik etorritako burdinaren kalitateak eta prezioak antzinako burdinolekin bukatu zuen eta burdinaren industriak onenak eman zituen. Burdinolei dagokienez, XIV. mendean uraren indarraz baliatzen hasi ziren olagizonak mailuak eta hauspoak mugiarazteko. Aurrerapen horren ondorioz, haizeolak utzi eta Urola ibaiaren bi ertzetan burdinola modernoak ugaltzen hasi ziren (Brinkola, Olazarra, Elorregi, Mirandaola, Olaberria, Bikuña, Plazaola, Bengolea,.). Burdinolek burdin gehiago ekoizten zuten.
Garai haietan Mirandaolako gertaera jazo zen: 1580.eko maiatzean, igandea izan arren, hainbat olagizon lanera joan ziren. Labean 250 kiloko galdaldia egiteko haina mea eta ikatza sartu eta bost ordu lanean eman ondoren, gurutze itxura zuen sei kiloko burdina-zati txiki bat besterik ez zuten lortu. 1633. urtean Iruñeko apezpikuak miraritzat hartu zuen gertaera hura. Agiririk ez dagoenez, ezin dugu imajinatu gertaera horrek benetan zer esan nahi izan zuen baina badakigu hori gertatu zenean Legazpiko burdinolak krisialdiaren lehenengo urteetan sartuta zeudela (XV. Mendean Legazpin hogei burdinola baino gehiago lanean baziren ere, XVII. mendean dezente gutxiago ziren lanean jarraitzen zutenak eta krisialdiak aurrera segitzen zuen: XIX. mendearen bukaeran azkenengo burdinola -Bengolea- itxi egin zen eta, aurrekoak bezalaxe, irina lortzeko errota bihurtu zen). Olagizonek, horrenbeste defendatu izan zuten lursailak eta basoak baserritarrei alokatu eta saltzen zizkieten eta, zenbaitetan, beraiek hasi ziren baserriko lanetan; modu horretan gizarte-organigrama katramilatsua egituratzen hasi zen.


XVIII. mendeari buruz informazio gutxi dagoen arren, aldaketa ugariko mendea izan zela esatera ausartzen gara: gogoan izan behar dugu 1700. urtean hasi zirela eliza zahar eta hondatua berreraikitzeko lanak. Lan horiek 1720. urtean amaitu ziren eta hamar urte beranduago hasi ziren egungo udaletxea eraikitzeko lanak. Modu berean, mende hasieran -1705. urtean- herriko Ordenantza berriak idatzi ziren, joan den 1533koak erabat zaharkiturik baitzeuden. Baina, zalantzarik gabe, mende horren amaieran Legazpiko herriak bere garapen sozial eta ekonomikorako aukera paregabea galdu zuen, Madrildik Irunera joango zen errepide nagusia Legazpiko udalerritik ez zela igaroko erabaki zenean.


XIX. mendearen lehenengo erdialdean Independentziako Gerra eta Lehenengo Karlistaldia gertatu ziren; bi gerra horietan udal-ogasuna kaltetuta atera zen, gerrako gastuei aurre egin ahal izateko udal-lurrak saldu behar izan zirelako. 1850. urtetik aurrera Legazpik antzinako garaietako gorakada berreskuratu zuen, 1862an Iparraldeko trenbidea eraikitzen hasi zenean. Beranduago, XX. mendearen hasieran garrantzi handia hartu zuen herriak Patricio Echeverria herritarrak 1908. urtean hamabi langilerekin gero ospetsua izango zen lantegia eraiki zuenean. Hasiera-hasieratik erremintak egiteari ekin dio lantegiak, baina poliki-poliki bertako jarduera bereizten joan zen eta herriko lantegi inportanteena bihurtu zen.


1930. urtetik aurrera, A-B bidea, edo egungo Kale Nagusia, egituratu zenean hasi zen herriaren benetako garapen urbanistikoa. Ondorengo hamarkadetan Patricio Echeverria jaunak bultzaturik langileen auzoak eraiki ziren (San Inazio, San Juan,.). Baina hori baino lehen Gerra Zibilak eragina izan zuen herrian. "Nazionalek", gerra hasi eta bi hilabetetara, herria hartu zuten eta Patricio Echeverria jaunaren lantegia militarren esku geratu zen. Urte zailak izan ziren haiek.
Dena dela, gerra amaitzean, herriak aurrera egin zuen eta lantegi garrantzitsuak sortu ziren: PESA, Elektromagnetika, plastikoak, paper-fabrika,.. Lantegi horietara kanpoko etorkin ugari etorri zen lanera, batik bat 1955. urtetik aurrera. Hasiera batean, inguruko nekazal-herrietatik etorritako jendea izan zen, geroago Nafarroatik eta Arabatik etorritakoak eta, azkenik, Extremadura, Leon eta, batik bat, Burgosetik. Horrela, 1900. urtean 1246 biztanle izatetik 1980an 10.588 biztanle izatera iritsi zen Legazpi; hala ere, urte horretatik aurrera, ekonomian jasandako krisialdi bortitzaren ondorioz, biztanle-kopuruak behera egin du eten gabe.