pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Euskadiko XXXV. Xake Txapelketa Legazpin izango da
22
Mar
2024

Euskadiko XXXV. Xake Txapelketa Legazpin izango da

Apirilaren 3tik 7ra Agirre Etxeberrin

 

Santikutz Xake Elkartearen sorreraren 40. urteurrena ospatuz, aurten Euskadiko Xake Txapelketa Absolutuaren XXXV. Edizioa ospatuko da Agirre Etxeberrin, apirilaren 3tik 7ra.
Aurtengo edizioan Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako 24 xake jokalari onenetarikoek hartuko dute parte.


Santikutz Xake Taldea 1984ko urtarrilean sortu zen. Garai hartan Ricardo Burguera buru zuen gazte talde batek kluba sortu zuen eta jende askori Legazpin xakean aritzeko aukera eman zion. 1998ra arte 14 urteko lehen ibilbidea egin ondoren, klubak 10 urtez utzi zion bere jarduerari. Urte hauetan Legazpin xakerik egin gabe egon ondoren, Patxi Imazek gidatutako zale talde batek 2008an Santikutzeko kluba birsortu zuen eta gaur egun arte haur eta helduei xakea praktikatzeko aukera eman die.
Horrela, 40. urteurrenaren barruan, Santikutz Xake Taldeak Euskadiko Xake Txapelketa Absolutuaren XXXV. edizioa antolatu du. Bertan, parte-hartzaileen artean, tituludun eta oso maila altuko hamaika jokalari egongo dira. Xakean, jokalarien maila duten tituluaren arabera neurtzen da. Aurtengo edizioan 3 Maisu Handik hartuko dute parte, xakean maila gorena: Paul Velten, Donostiako Gros Xake Taldekoa; Salvador del Rio Maisu Handia, Sestaokoa eta Espainiako txapelduna 2018an; eta Mikel Huerga nafar Maisu Handia, Euskadiko txapeldun birritan.
Era berean, nabarmentzekoak dira Santiago Gonzalez Groseko klubeko Nazioarteko Maisuak (xakeko bigarren maisu-maila), sei aldiz Euskadiko txapeldun izandakoa, Iñigo Argandoña Nazioarteko Maisua, egungo txapelduna, eta Unai Garbisu Nazioarteko Maisua, 2024ko Euskal Ligako jokalari onena.
Bizkaitik 4 FIDE maisu, xakeko hirugarren maila, Sergio Trigo, David Becerra, David Martinez eta Alain Prieto arituko dira.
Era berean, Euskadiko gazterik garrantzitsuenetako batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Alex Odriozolak, Aimar Alvarezek eta Oier Sarasketak.
Emakumezkoen presentzia ere izango du txapelketak, Miriam Parkhurst mexikarra eta Katerina Grigorchuk ukrainarrarekin.
Era berean, Legazpin 40 urte hauetan izan dugun herriko jokalaririk onena izango dugu, Markel Vesga hain zuzen ere.

 

Programa:

  • Txapelketak zazpi partida izango ditu, Agirre Etxeberrin, eta honela banatuko dira:
  • Apirilaren 3an, 17:00etan
  • Apirilaren 4an, 10:00etan eta 17:00etan
  • Apirilaren 5ean, 17:00etan
  • Apirilaren 6an, 10:00etan eta 17:00etan
  • Apirilaren 7an, 10:00etan

Partidak internet bidez emango dira eta edonork ikusi ahal izango ditu zuzenean ere Agirre-Etxeberrin. Partida bakoitzaren iraupenari dagokionez, jokalari bakoitzak ordu eta erdi izango ditu eta 30 segundo gehiago egindako mugimendu bakoitzeko. Beraz, litekeena da partida bakoitza 4 ordutik gora luzatu ahal izatea.
Txapelketaren aurreko egunetan 32 pieza erraldoi egongo dira gure udalerriko hainbat tokitan, gure herriko kirolarentzat eta kulturarentzat oso garrantzitsua den ekitaldi hau legazpiar guztiei gogorarazteko. Halaber, apirilaren 4an, 10.00etan, haurrentzako txapelketa bat egingo dugu Agirre Etxeberrin.


Gozatu dezagun xakearekin Legazpin!

 

Albiste guztiak